Hazketa baliatzeko hitzarmena luzatzea aztertuko dute

Bil ta Garbi sindikatuak hondakindegirako sarreraren ustekabeko kontrola indartuko du, segurtasuna hobetzeko

Aitor Renteria.
Baiona
2012ko urriaren 11
00:00
Entzun
Bil ta Garbi hondakinen tratamendurako sindikatua aztertzen ari da Hazparneko Hazketa hondakindegia (Lapurdin) baliatzeko hitzarmena luzatzea. Izan ere, gaur egun indarrean dagoen hitzarmena 2015ean bururatuko da, eta azken hondakinak lurperatzeko leku bat behar du.

Lapurdiko hondakinak Bordelera (Gironda, Frantzia) igortzen ditu sindikatuak gaur egun, oraindik ez dagoelako prest Baionan eraikitzen ari diren Canopia izeneko hondakinen tratamendurako zentroa. Lanen hirugarren atala abiatu dute abuztuan, eta 2014 urte bukaerarako utziko diote Girondako azpiegiturak baliatzeari. Azken hondakinekin zer egin argitu beharko dute orduan.

Azken hondakinen parte bat Senpereko Zaluaga II hondakindegira eramanen lukete, baina, hala ere, ez litzateke aski izango egun ekoizten diren azken hondakin guziak lurperatzeko.

Bestalde, Nafarroa Beherean eta Zuberoan sortzen diren hondakinak tratatzeko Mendixka izeneko gunea egiten ari da sindikatua Sarrikotapean, Zuberoan.

Ustekabeko kontrolak

Bil ta Garbik indartu egin nahi ditu Hazparneko Hazketa hondakindegian egiten diren kontrolak. Izan ere, azken hilabeteetan izan diren hiru suteak argitu gabe daude oraindik. Azken hondakinak lurperatzeko gunea denez, ez litzateke metanorik atzeman behar bertan. «Gasa baldin bada, argi dago norbaitek ez duela legea errespetatzen; hartzitze prozesua egoteak erakusten du ez dela bereizketa behar den bezala burutu», erran zuen Alain Iriart Bil ta Garbiko presidenteak Baionako Canopia hondakindegiaren lanen bisitaldian, iragan astean.

Hazketa hondakindegiko bezeroa da Bil ta Garbi, baina azken hilabeteetan zainketaren ardura ere hartu du. Berez ez da hori Bil ta Garbiren funtzioa, ustiatzaileak bermatu beharko lukeelako zerbitzua.

Hondakinak lurperatzen diren gunean bideo zaindaritza sistema bat ezartzeko eskatu zion Bil ta Garbik ustiatzaileari. Alta, gune bat itxi eta bertze bat ireki ondoren, ustiatzaileak bideo zaindaritza kamera bakarra gune berrian ezarri zuen. Itxi berri zen gunean gertatu zen sutea azken aldiz. Bideo zaintza indartzeko eskatu du, beraz, Bil ta Garbik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.