Ekonomia

Hazkunde ekonomikoa ez dela ari enplegua sortzen salatu du ELAk

Langabeziaren jaitsieraren arrazoi nagusia biztanleria aktiboaren murrizketa dela azaldu du. Lehentasunezkotzat jo du aberastasunaren banaketa “justuagoa” lortzea.

ELAko ordezkariak, gaurko agerraldian. ARGAZKI PRESS
2015eko irailaren 17a
12:38
Entzun

Biztanleria Aktiboaren Inkestak 2015eko bigarren hiruhilekoaz emandako datuak aztertu ditu ELAk. Salatu du enplegurik ez dela ari sortzen Hego Euskal Herrian, nahiz eta hazkunde ekonomikoa ematen ari. Langabezia jaitsi egin da: iaz baino 14.200 langabe gutxiago daude; 208.800 orotara. Baina enpleguak ez du gora egin. Aitzitik, biztanleria landuna 900 lagunetan jaitsi da. Langabe gutxiago egon arren, datu positibo horren atzean arrazoi “kezkagarri” bat ezkutatzen dela nabarmendu du ELAk: langabe askok enplegua bilatzeari utzi diote “etsita” daudelako. Pertsona aktiboak 1.349.800 ziren 2014an, eta aurtengo bigarren hiruhilekoan, aldiz, 1334.600. Langabe askok gainera, “baliabide eskasiagatik” eman dutela amore azaldu du Mikel Noval ELAko Gizarte-politikako arduradunak. 2015eko uztailean, Hego Euskal Herriko langabeen %55,3k ez zuten inolako prestaziorik jaso. “Ez dute ez laguntzarik ez mediorik lana bilatzeko”.    

Txiki Muñoz ELAko idazkari nagusiak gobernuen eta patronalaren aurka egin du: "Gobernuek eta patronalak dena hobeto doala esan arren, errealitatea bestelakoa da. Ez dago motiborik pozik egoteko, larritasun handia erakusten baitute datu hauek. Eztabaida nagusi bat planteatu behar da: nola banatu aberastasuna”. Izan ere, Muñozen esanetan desberdintasun sozialak handituz doaz. Ohartarazi du egungo soldatek BPGn “inoiz baino pisu txikiagoa” dutela. 

Beste datu bat azpimarratu du ELAk. Hego Euskal Herriko langabeen tasa (%15,2) Europako Batasuneko bosgarren handiena da, Grezia (25,9), Espainia (22,6), Zipre (16,1) eta Kroaziaren (15,8) ondotik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.