'HERRIKO TABERNEN' AUZIA

HBren sorreran ETAk ez zuela zerikusirik izan ziurtatu dute defentsaren lekukoek

Maria Jesus Zeberiok, Francisco Letamendiak, Patxi Zabaletak eta Miguel Castellsek deklaratu dute 'herriko tabernen' auziko gaurko saioan, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Saioaren zuzeneko kontakizuna egin du Madrildik BERRIAk.

Iñarritu, Landa eta Letamendia. OIHANA ELDUAIEN
2013ko azaroaren 21a
18:38
Entzun

Aurrera jarraitzen du herriko tabernen auziko epaiketak, eta defentsaren lekukoen txanda izan da gaur. Maria Jesus Zeberiok, Francisco Letamendiak, Patxi Zabaletak eta Miguel Castellsek deklaratu dute ETAk ez zuela HBren sorreran zerikusirik izan eta Mahai Nazionaleko kideak ere ez zituela erakunde armatuak aukeratzen. Han izan da Oihana Elduaien BERRIAko kazetaria, eta zuzeneko kontakizuna egin du Twitter bidez.

Maria Jesus Ceberio hasi da deklaratzen. Esther Agirre ezagutzen duela azaldu du, hark defendatu baitzuen bere anaia Jose Zeberio, hura atxilotu zutenean. Fiskalak Zeberiori galdetu dio zergatik aukeratu zuten Agirre, eta birritan erantzun dio beste abokatu baten aholkuz joan zirela harengana.

Francisco Letamendia Ortzi izan da hurrengoa, eta HB eta EIAko garaiak izan ditu hizpide. 1978an sartu zen Letamendia Herri Batasunean, eta, bertan aritu zen garaian, ETA Militarraren agindurik ez zuela jaso ziurtatu du: "Inondik ere ezin da esan ETAm-k sortu zuela HB. HBren programa zen han geundenak biltzen gintuena".

Patxi Zabaletak Altsasuko Mahaiaren eta HBren sorreraren xehetasunak eman ditu, eta zehaztu: "ETAk ez zuen inolako zerikusirik izan Altsasuko Mahaiarekin". Altsasuko Mahaitik sei bat hilabetera sortu zen HB: "Espero ez genuen jarraipena izan zuen testuak". HBren "oinarri demokratikoa" defendatu du Zabaletak: "Iniziatibak gureak ziren. Beste alderdietan bezala. Ez zuen inork agintzen".

Bideokonferentziaz deklaratu du Miguel Castells abokatuak. "ETA ez zegoen mahai nazionalean, inola ere", ziurtatu du.  HBko Mahai Nazionaleko kide izan zen urteetako funtzionamendua azaldu du: "Mugimendu asanbleario indartsua zegoen. Zerrendak batzar horietan berresten ziren".

36 euskal herritarren eta 110 herriko taberna edo elkarteren kontrako epaiketa urriaren 18an abiatu zen, bezperan aurretiazko gaiak konpondu ostean. Bertan, Batasunak "irizpide propioa" zuela azaldu zuen Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kideak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.