Zuri-gorriz jantzita, eta esku gorriaren ikurra paparrean. Nafarroako hedabide guztietako ordezkariek eta DYA elkarteko boluntarioek urteroko argazki ofiziala egin dute, Eraso sexistarik gabe, Iruñea aske kanpainaren barruan.
Iruñeko Udalaren Berdintasun Sailak antolatu du egitasmoa. Sexu abusuen aurkako bidean, udalak "beste urrats bat" egin duela esan du udaleko Berdintasun teknikari Zaloa Basabek: "Sexu eraso oro arbuiatzen du hiriak, ez jaietan bakarrik, urte osoan baizik, baina sanferminetan azpimarratu egiten dugu konpromiso hori".
Sexu erasoak errotik erauzteko bidean hedabideek "bidelagun" izan behar dutela adierazi du Basabek, "ezinbestekoak baitira, emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko, baina baita festaren beste irudi bat emateko ere, eta emakumeok festaz gozatzeko askatasun osoa dugula erakusteko".
Aurtengo kanpainan, 20.000 pin banatuko ditu Iruñeko Udalak, indarkeria matxistaren aurkako borrokarekiko konpromisoa agertzeko.