Hedabideek «konpromisoa» eskatu dute

Euskarazko hedabideen sektoreak erakundeentzat estrategikoa izan behar duela agertu du

Euskarazko hedabideek bat egin dute beren eskaerak egiteko. BERRIA.
mikel lizarralde
2011ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Hirurogeitik gora euskarazko komunikabidek editorial bateratua argitaratu zuten atzo prentsan, herri erakunde publikoen sostengu eta babes handiagoa eskatzeko. Herri honetako sektore estrategikoa osatzen dutela nabarmendu dute euskarazko hedabideek, eta horrek instituzioen «konpromiso sendoagoa» izan beharko lukeela adierazi dute.Hasiera batean editoriala sinatutako komunikabideei —besteak beste, Berria, Aizu!, Argia, Bilbo Hiria irratia, Goiena, Entzun, Gure Irratia, Gaur 8 eta Hala Bedi— beste hainbat joan zitzaizkien gehitzen atzo.

Agus Hernan Irungo Pausu Mediako ordezkariak «ekimen historiko» deritzo euskarazko komunikabideak helburu baten inguruan elkartzeari. «Aurretik ere egon dira ekimen bateratuak, baina une hau, testuinguru honetan, historikoa da». Joanmari LarrarteBerria taldeko kontseilari ordezkariak dioenez, krisi ekonomikoak eta etorkizuneko hedabideen garapenak «ataka zailean» jarri ditu euskarazko hedabide gehienak, eta hori elkarrekin lan egiteko pizgarria izan da. «Urte hauetan hedabide batzuk desagertu ere desagertu dira, eta beste batzuk zailtasun handiekin ari gara aurrera egiten. Horrek euskarazko komunikabideen analisia partekatzera eramaten gaitu».

Eta irakurketa partekatu horrek esaten du azken 30 urteotan aurrerapauso handia eman dutela hedabideek, eta gaur egun 400.000tik gora herritarrek kontsumitzen dituztela euskarazko komunikabideak. Euskararen sustapenean eta erabileran eragiten dute, baina ekonomikoki ere sektore garrantzitsua osatzen dute. 600 langiletik gora ari da publikoak ez diren euskarazko hedabideetan lanean.

Krisiak, baina, bete-betean eragin du haietan. Eragin du diru laguntza batzuk murriztu egin dizkietelako, eta eragin du publizitate sarrerek jaitsiera handia izan dutelako. Joxe Rojas TopagunekoHedabide Saileko arduradunaren iritziz, «nabarmena da» krisiak hedabideetan eragin duena. «Gure kasuan, krisiak ondorioak utzi ditu merkataritza txikian , eta publizitateari dagokionez, hori denez gure iturri handienetakoa, gure publizitate sarreretan ere eragina izan du». Larrartek ere «jaitsiera orokorra» izan dela esan du, eta Hernanek ekinbide politikoarekin lotzen du, esaterako, Ipar Euskal Herriko komunikabideetan gertatzen dena: «Euskararen Erakunde Publikoak bultzatu izan du publizitate instituzionala euskarazko komunikabideetan sartzea, baina Paueko Kontseilu Nagusiak baino ez du egiten».

Euskarazko hedabideek badute gainerako hizkuntzetan argitaratzen direnen aldean ezberdintasun handi bat. Beti «justu» ibili dira, Larrartek dioenez. «Beste hizkuntza batzuetan negozioa egin dute, baina euskaraz ez, ez dugu inoiz negoziorik egin». Xabier Letona Argia aldizkariko zuzendariaren arabera horrek «abantaila» batzuk ere eman dizkio sektoreari: «Ohituak gaude ekonomikoki larre motzean ibiltzera, estutasunak izanda eustera. Ez dugu etekinik izan, eta izan dugunean gure komunikabidean inbertitu dugu. Horregatik, krisiak ez du sarraski handirik eragin, nahiz eta desagertu diren komunikabide batzuk: Ttipi Ttapa telebista, Geu Gasteiz, Txaparro...

Hedabideak, funtsezkoak

Prentsak berea duen krisiak krisi ekonomiko globalarekin bat egin izanak «egoera larri eta estuan» jarri ditu hedabideak, Letonaren iritziz. Baina komunikabideak «hizkuntz garapenerako funtsezkoak» dira oraindik ere. «Leku guztietan horrela da, eta uste dugu gurean ere horrela dela. Euskarakgarapen ahalik eta handiena izatea nahi badugu, euskarazko hedabide ahalik eta indartsuenak izatea da logikoena». Larrartek ere euskarazko hedabideak «ezinbestekoak» direla uste du. «Eta etorkizunean ere ezinbestekoak izango dira herri honen eta hizkuntzaren garapenerako».

Euskara berreskuratzeko komunikazio arloak duen garrantzia azpimarratu du Hernanek. «Eta horrek inbertsio berezi bat eskatzen du». Alde horretatik, hedabideetako ordezkariek sektorea estrategikotzat jotzeko eskatu diete erakundeei. «Euskarazko hedabideei leporatu izan digute laguntzez bizi garela. Baina krisia iritsi denean, mundu guztia hasi da laguntzak jasotzen. Horiek laguntzak behar badituzte, orain arte laguntzak behar zituztenek handiagoak beharko dituzte», dio Larrartek. «Teorian erakundeek estrategikotzat jotzen dute sektorea, baina praktikan hori ez da gauzatzen. Bestela, baliabideak jarriko lituzkete».

Letona ere iritzi berekoa da, eta sektorearentzat beste lan esparru batzuei ematen zaien tratamendua eskatzen du. «Erakunde publikoek beste sektore batzuk laguntzen dituzte, baina guk, aurrekontu murrizketa aipatzen denean, ikusten dugu guri eragiteko arriskula dagoela». Hernanen iritziz, erakundeek «onartu behar dute» euskarazko hedabideak estrategikoak direla, «arrantzarekin edo industriarekin egiten duten bezala». Rojasek ere kontzeptu bera erabili du hedabideen sektoreaz hitz egitean: estrategikotasuna. «Beste sektore batzuetankonplexurik gabe sartu dute dirua, estrategikotzat jo ondoren».

Hilaren 15ean agerraldi publiko bat egingo dute euskarazko hedabideetako ordezkariek, sektoreari buruzko datuak emateko; baina aldarrikapenak segida izango du datozen hilabeteetan ere. Etorkizunean ere euskarazko hedabideekbidea egiteko tresnak izan ditzaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.