Hegalak toles eginda abiatu zen Barajasko hegazkina

Hegazkin pilotuek ez zuten hegalen egoerari buruzko alarma deia jaso, huts egin zuelako, eta ez zuten azken uneko behaketa egin

mikel p ansa
2009ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Iazko abuztuaren 20an Barajasko (Madril, Espainia) aireportuan jazo zen istripuari buruzko txostena aurkeztu du Istripuak eta Ezbeharrak Ikertzeko Abiazio Zibileko Batzordeak (CIAIAC ). Ikerketak zabalik jarraitzen duela, eta ondorioak behin-behinekoak direla zehaztu arren, ikerketa batzordeak uste du hegalak erabat zabaldu gabe abiatu zela Spanairren MD-82 hegazkina. Slat-ak eta flap-ak -lurreratzeko eta hegaldatzeko tolesten diren hegaletako gailuak- bilduta zeuden abiatzeko unean. Aireratzeko, hegalen parean egon behar zuten, eta horrek eragin zuen hegazkina ez hegaldatzea behar bezala, Batzordeko kideen esanetan.

Ez zen hutsegite bakarra izan. Hegaletako gailu horiek toles eginda zeudela ohartarazi behar zien pilotuei TOWS deritzon gailuak, hegaldatzeko abisuen sistemak, eta hark ere ez zuen behar bezala funtzionatu. Ikerketaren arabera, alarma horren deia ere ez zen iritsi kontrol gelara. Aireratu aurretik gailu guztien funtzionamendua berrikusi behar zuten pilotuek ere ez zuten flap-en eta slat-en behaketa egin. Gainerako gailu gehienak behatu eta, puntu horretara heldutakoan, hegazkineko grabazioen arabera, ez zuten bururatu hegaletako gailuen azterketa.

Hiru «segurtasun langa»

Ikerketa batzordearen arabera, hiru «segurtasun langa» gainditu ziren Barajasko istripuan: hegazkinaren prestaketa egiaztatzeko zerrenda, hegazkinaren prestaketa baieztatzeko zerrenda eta TOWS delakoa, hegazkinaren prestaketa okerra antzeman behar zukeena. Batzordekideek zehaztu dute ikerketa «teknikoa soilik» izan dela, eta ez dela haien asmoa izan «errudunak edo erantzuleak» aurkitzea. Ikerketaren xedea etorkizunean istripu gehiago ez gertatzea dela nabarmendu dute. Horretarako, ikerketa batzordeak zazpi aholku berri eman dizkie Aireko Segurtasuneko Europako Agentziari (EASA), AEBtako Abiaziorako Administrazio Federalari (FAA) eta Nazioarteko Abiazio Zibilaren Erakundeari (NAZE).

TOWS delakoa egunean behin, lehen hegaldia egin aurretik, ikuskatzea aski zen ezbeharra jazo zen sasoian. Geroztik, Spanair konpainiak bi alditan berrikusi ditu ekintzetarako eskuliburuak. Berrikuspenen ondorioz, egun, hegaldi guztietan behatzen da TOWS sistema ondo dagoen, abiatu aurretik. EASAk ere hartu du neurri hori. Ikerketa Batzordeak AEBtako FAAri eskatu dio neurria aintzat hartzeko.

CIAIAC kaleratu duen bigarren txostena da atzo argitara emandakoa. Otsailean ikerketaren lehen ondorioak aurkeztu zituen. Txosten hartan ere aipatzen zen flap-en eta slat-en funtzionamendua ez zela egokia izan, baina ez zen TOWS sistemaren hutsegitea aipatzen. Txosten hartan RAT deritzon zunda baten berotzeari buruzko azterketak plazaratu zituen CIAIACek. Zunda horren gehiegizko berotzearekin arazoak izan zituen hegazkin hark aurreko egunetan, baita ezbeharraren egunean ere. Hegazkina gelditu eta atzera egin zuten pilotuek, arazoa konpontzeko.

Pilotuak, presionatuta

Arazoak ez ziren teknikoak soilik izan. Ikerketa batzordearen hitzetan, hegazkineko pilotuek ez zituzten aireratu aurretik egin behar zituzten egiaztapen guztiak egin, eta «segur aski» ez zituzten flap-ak eta slat-ak zabaldu. Lehen hegaldatzea eten egin zuten pilotuek, eta atzera egin behar izan zuten, zunda bat gehiegi berotu zelako. Horrek, eta hegaldiaren atzerapenak, pilotuengan presioa eragin zuela uste du ikerketa batzordeak eta, horregatik, ez zituztela segurtasun neurri guztiak zorrotz bete.

Ikerketa Batzordeak argitu du txostenak ez duela baliorik istripuaren erantzuleak zehazteko, eta ikerketa zabalik dagoela oraindik. Hori gaitzetsi du istripuaren epaiketako herri akusazioak. Istripua jazo eta urtebetera txosten behin betikoa egon behar zuela ohartarazi du herri akusazioko abokatuak, eta epaiketa geldirik dagoela salatu du.



Hildako 154 lagunetatik 5 ziren euskal herritarrak

Gorpuak identifikatzea espero baino gehiago luzatu zen; istriputik10 egunera, izenik gabe zeuden lau gorpu
M. Peruarena.

Madrilen hegazkina hartu eta Kanaria Handiko Las Palmasera (Espainia) zihoazen 172 lagunetatik 154 hil ziren iazko abuztuaren 20an. Haietatik sei, eskifaiako kideak ziren. Hemezortzi lagun atera ziren bizirik. Hildakoen artean, bost euskal herritar zeuden: Begoña eta Isabel Andraka Golzarri ahizpak, Miguel Bernaola Iturbe -haietako baten senarra-, Jose Joaquin Perez Obanos eta Jorge Sangrador Martinez.

Lehen lauen izen-deiturak istripua jazo eta laster jakin zituzten. Sangradorren izena zenbait egunera zabaldu zen, izan ere gorpuak identifikatzeko lanak espero baina gehiago luzatu ziren. Espainiako Gobernuak adierazi zuen gorpuak lehenbailehen identifikatzeko ahalegina egingo zuela. Baina gorpuak ezagutzeko zailtasun handiak aurkitu zituzten. Hatz marken bidez 59 gorpu soilik identifikatu ahal izan zituzten. Gainerako gorpuak kiskalita zeudela eta, DNA probak egiten hasi behar izan zuten. Datuak ere nahasiak izan ziren. 173 bidaiari zirela aipatu zen hasierako egunetan. Abuztuaren 30ean, istripua gertatu eta hamar egunera, oraindik lau gorpu zeuden identifikatu gabe.

Andraka ahizpei eta Bernaolari abuztuaren 31n eman zieten azken agurra, Barrikan (Bizkaia). Perezen hileta elizkizuna abuztuaren 22an egin zuten, Leireko monasterioan (Nafarroa). UAGN Nafarroako Nekazarien eta Abeltzainen Elkarteko sortzailea eta Nafarroako Nekazaritza Kooperatiben Elkarteko lehendakariorde izan zen Perez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.