Hegazkin bat deportatuentzat

Carlos Andres Perez Venezuelako presidente ohia hil zen Gabon gauean. Herrialdeko agintari zenean, euskal deportatuak jasotzeko akordioa sinatu zuen Espainiako Gobernuarekin.

Juanjo Aristizabal, Karlos Arriaran, Koldo Saralegi eta Anjel Aldana deportatuak, Laboa monsinorearekin. BERRIA.
jokin sagarzazu
2010eko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Euskal Herriko historianleku berezia dauka Venezuelak. XV. mendetik azken hamarkadetara bitartean harreman estua izan dute bi herrialdeek. XX. mendera mugatuz, euskal herritar ugariren bizileku izan da Venezuela. 1936ko gerraren ondoren, Francisco Francoren diktaduratikihes egin zuten hainbat gudari ohi eta abertzaleren babesleku izan zen herrialde hori eta, aurrerago, deportatu ugarirena ere bai. Bigarren kasu horretan betekizun garrantzitsua jokatu du Carlos Andres Perez Rosagaray Venezuelako presidente ohiak. Gabon gauean hil zen bera.

Euskal Herritik begiratuta, Felipe Gonzalezen Espainiako gobernuburu ohiarekin izandako harremanak markatu du Carlos Andres Perezen biografia. Lagun minak izan ziren, agintean egon ziren urteetan eta baita aurretik ere. 1976. urtean Internazional Sozialistako presidenteorde izendatu zuten Perez, eta bertan ezagutu zuen Felipe Gonzalez PSOEko buruzagia, zeina orduan klandestinitatean bizi zen.

Urteen joan-etorrian Carlos Andres Perezen presidente hegazkina bi estatu horien arteko hartu-eman diplomatiko eta komertzialen sinbolo bihurtu zen. Haren hegazkinean eta harekin batera itzuli zen Espainiara Felipe Gonzalez Franco hil ondoren. Eta urte batzuk geroago haren hegazkinean eraman zituzten lehenetariko euskal deportatuak Venezuelara.

Carlos Andres Perezen eta Felipe Gonzalezen arteko harremanean leku garrantzitsua izan du euskal gatazkak. GALen auzia argitara azaltzen hasi zen urteetan, adibidez, Venezuelako agintari ohiaren adierazpen batzuk bazterrak nahasi zituen. Hark aitortua da euskal independentismoari aurre egiteko gerra zikina erabiltzeko gomendioa egin ziola Espainiako gobernuburu ohiari.

Urte haietan jada bi agintariak urruntzen hasiak ziren, baina aurretik oso harreman estua izan zuten. Carlos Andres Perez bi alditan izan zen Venezuelako gobernuburu, 1974tik 1979ra eta 1989tik 1993ra, eta bigarren epe horretan estutu zuen Gonzalezekin zuen harremana, alor ekonomikoan bereziki. Atlantikoaren alde batetik bestera dirutza izugarriak bidali zituen Espainiako Gobernuak; herrialde hartako garapena sustatzeko, Espainiako orduko agintarien hitzetan. Horren atzean, baina, Espainiako Gobernuak bestelako zor bat kitatu nahi zuela uste zuten askok. Izan ere, bi gobernuetako buruek itun bat sinatu zuten 80ko hamarkadaren amaieran, Venezuelak ETAko kideak jaso zitzan, eta horren trukean Espainiako Gobernuak Venezuelakoa ekonomikoki laguntzen zuela zabaldu zen.

Apaiz bat tartean

Aljerko elkarrizketen porrotaren ondoren sinatu zuten akordio hori Carlos Andres Perezek eta Felipe Gonzalezek. Venezuelaz gain, Hego Amerikako beste herrialde batzuekin ere egin zituen gisa horretako itunak Espainiako Gobernuak: Kuba, Dominikar Errepublika, Mexiko, Panama...

Koldo Izagirrek idatzitako eta Euskaldunon Egunkaria-k argitaratutako 'Merry Christmas, Panama' esan zuen heriotzak kronika liburuak garai hartan euskal deportatuek bizi izandako testigantza argigarria dakar.

Liburua 1989ko abenduan kokatzen da, AEBetako armadak Panama inbaditu zuenekoan. Ataka hartan, Panaman bizi ziren lau euskal deportatu Vatikanoren nuntziaturan aterpetu ziren, Jose Sebastian Laboa monsinore pasaitarraren eskutik. Han, AEBetako soldaduek setiaturikbi astez, Panamako presidente Manuel Antonio Noriegarekin izan ziren. Noriegak bere buru entregatu ondoren, nuntziaturan aterpetutako deportatuak Venezuelara eramateko gestioak egin zituen Miguel Castells abokatuak, baita lortu ere.

Laboa monsinoreak lagundu zituen aireportura, eta han Venezuelako presidentearen hegazkin pertsonala hartu zuten. Venezuelan onartzeko, deportatuekin zerbait gertatuz gero horren kargu egingo zen norbait bilatu zuen, halaber, Carlos Andres Perezek.

Chavezen etsaia

Miamin, sorterritik urrun, hil da Carlos Andres Perez, Gabon gauean, bihotzekoak jota. Hego Amerikako hainbat agintariren antzera, argi-itzal handiak ditu haren biografiak. 1974an iritsi zen agintera lehen aldiz, eta 1979ra arte egon zen boterean. Urte horietan izan zen petrolioaren krisiaz baliatu zen presidente hautatu berria, eta Venezuelako produkzioa nazionalizatu egin zuen.

Bigarren agintaldian, berriz, beste Venezuela bati egin behar izan zion aurre. Krisialdi ekonomikoari aurre egiteko, nazioarteko hainbat erakundek esku hartzea onartu zuen, eta herritarren gustuko ez ziren neurriak hartuzituen. Horren aurka altxatu ziren Venezuelako hainbat sektore, gaur egungo presidente Hugo Chavez buru zuen armada tarteko. Carlos Andres Perezen aginduz, Venezuelako Poliziak gogor jo zuen 1989ko eta 1992ko matxinadetan parte hartu zuten herritarren aurka. Zenbait iturriren arabera, mila herritar inguru hil ziren 1992ko otsaileko gertakarietan.

Perezek, baina, agintean jarraitu zuen, harik eta, ustelkeria kasu bat tarteko, 1996an Venezuelako Auzitegi Gorenak espetxera bidali zuen arte. 1999. urtean politikara itzultzeko ahalegina egin zuen, baina Chavezen garaipenak bidea moztu zion.

Azken urteak Miamin eman ditu. Oso jarrera kritikoa agertu du Venezuelako egungo presidenteari buruz. Chavezek gobernutik irten arte bere hilotza Venezuelara ez eramateko eskatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.