Maletak han eta hemen, jendea korrika eta presaka, bozgorailuetatik etengabe ematen dituzten mezuak, hegaldiaren aurretik kafea hartzen duen bidaiaria, eta ongietorriak. Horrela irudika daiteke aireportu bat. Noaingoa (Nafarroa), ordea, ez: basamortua dirudi. Hutsik ageri da goizean, ez baitago hegaldirik eguerdira arte. Bazkalorduan ere, mugimendu gutxi. Dozena bat lagun daude Madrildik ailegatuko diren bidaiarien zain. Ordubete barru beste hegaldi bat dago, eta hamabost lagun inguru baizik ez dira ari maleta erregistratzen.
Beldurrezko film bat grabatzeko toki ona izan daiteke Noaingo aireportua, nahiz eta berri-berria izan. Joan den urtean ireki zuten terminal berria, handiagoa, erakargarriagoa; baina ez du emaitza onik izan. Enpresak erakarri beharrean uxatu egin dituela dirudi. Garbitzailea, informazio mahaiaren inguruan dauden bi langile eta kafetegiko zerbitzariak baizik ez daude goizean. Aparkalekua erdi hutsik dago, eta taxirik ez da bistaratzen inguruan. Itxita dago txartelak erosteko leihatila, eta ez dago langilerik maletak erregistratzeko tokian.
Hegaldiak daudenean ere ez da mugimendu handirik sumatzen. Aireportu lasaia da, zinez; «lasaiegia», bertako langile batek adierazi duenez. Kafetegian Melania Sarango dabil lanean. Azken urteetan lan gutxiago dutela nabaritu du, eta abuztuan bidaiarien kopurua txikitu egin dela nabarmendu du. «Nik uste hilabete honetan nahiko hutsik egon dela aireportua». Hala ere, ostegunetan jende gehiago dagoela esan du, charter hegaldiak egoten baitira. Urtean zehar jende gehiago ikusi ohi du barraren beste aldean, eta horrek egoera «orekatu» egiten duela dio.
Francisc James Askunzek ere nabaritu du bidaiari kopuruaren murrizketa. Aireportuko aparkalekua zaintzen du, eta auto gutxiago daudela esan du. «Lehen, bidaiariek hainbat egunez uzten zuten autoa aparkalekuan; orain, aldiz, norbaitek ekartzen ditu aireportura». Haren aburuz, trena da aireportua ez erabiltzeko arrazoi nagusia. Batez ere negozio bidaiak egiten zirela dio Askunzek. «Trena merkeagoa da, eta enpresek hobetsi egiten dute langileen bidaietarako».
Javier Martinez taxi gidariak ere trenari egotzi dio bidaiarien galera: «Lehen hegaldi bakoitzeko hemezortzi taxi ateratzen ginen; orain, lauzpabostentzat dago lana». Martinez bezeroen zain dago aireportuaren atarian, baina ez du uste inor sartuko denik bere taxian, aurretik beste bi auto baititu. Villabesa zerbitzua ere kendu behar izan zutela aipatu du, bidaiariak falta zirelako.
Madrilgo hegaldia ailegatu da, eta agudo utzi dute bidaiariek aireportua. Berriz ere hutsik dago, eta 14:00ak baino ez dira. Zain geratu beharko du Noainek, ea hegazkin gehiago etortzen diren.
Hegazkin falta duen aireportu lasaia
Iaz terminal berria eraiki zuten Noaingo aireportuan, baina txikia da hegaldien eskaintza. Eraikin berriak ez ditu erakarri enpresak, eta hango langileek nabaritu dute bidaiarien kopurua murriztu egin dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu