Ahate, antzara eta oiloak egitura itxien barnean eduki beharko dituzte gaurtik aitzina Lapurdi, Zuberoa eta Baxenabarreko etxaldeetan, lau astez. Hegazti gripea gehiago zabaltzea saihestu nahi du horrekin Frantziako Gobernuak. Frantziako hemezortzi departamendutan ezarri dute neurria, eta horien artean da Ipar Euskal Herria barne hartzen duen Pirinio Atlantikoetako departamendua ere. Maiatzaren 16ra arte eduki beharko dituzte hegaztiak etxaldeetatik atera gabe, eta tarte horretan desinfektatu egin beharko dituzte lekuak.
Etxaldeetako hegaztiek animalia basatiekin kontakturik ez edukitzea da neurriaren helburua, eta, hartara, influenza birusa gehiago ez hedatzea. Horretarako, ahate eta antzaren produkzioa nabarmen gutxitzen ari dira, halaber. Izan ere, joan den urtarrilaren 18tik ahate eta antzara kumeak ezin dituzte gehiago hazi laborariek, eta debekatu egin dute hegazti berriak baserrietan sartzea. Lehenagotik zituztenek maiatzaren 2ra arte dute horiek hiltzeko aukera.