Kutsatuen kurba apaldu ezinik da: beste 934 kasu positibo. Horiek dira atzo Osakidetzak eta Osasunbideak COVID-19a atzemateko testetan atzemandako kasuak. Orotara 14.934 test egin zituzten, eta positiboen ehunekoa, beraz, %6,2 da. OME Osasunaren Mundu Erakundeak ezarria duen irizpidea da %5etik jaitsita izurria kontrolpean hartzeko bidean jar daitekeela. Hego Euskal Herria urrun dago oraindik langa horretatik.
Lurraldeka, Gipuzkoan dituzte daturik makurrenak: 375 positibo atzeman dituzte han. Atzetik dago Bizkaia, 303 positibo diagnostikatuta. Nafarroan, berriz, 155 kasu erregistratu dituzte, eta Araban, 95.