Hego Euskal Herrian %20 ugaritu dira indarkeria matxistaren salaketak

Aurtengo urtarriletik martxora bitarte, 2.660 emakumek jarri dute salaketa. Biktima kopurua ere areagotu egin da.

Eraso matxista bat salatzeko elkarretaratzea, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Eraso matxista bat salatzeko elkarretaratzea, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko ekainaren 14a
15:45
Entzun

Indarkeria matxistarengatik 2.660 salaketa aurkeztu dituzte aurtengo lehen hiruhilekoan Hego Euskal Herrian, aurreko urteko aldi berean baino 453 gehiago. Etxeko Indarkeriaren eta Genero Indarkeriaren aurkako Espainiako Behatokiak argitaratu ditu datuok. Zenbakiak ikusita, beraz, salaketek %20,5 egin dute gora.

Biktima kopurua ere areagotu da; hain zuzen, %18. Iazko urtarriletik martxora bitarte, 2.608 biktima izan ziren. Aurten, berriz, 2.207. Gutxienez, biktimetako bost adingabeak dira. Bestalde, 394 babes agindu onartu dituzte; horietatik 280 hartu egin dituzte, eta beste 114 aginduei ezezkoa eman diete.

Salaketa jartzen duten andreek eskubidea dute euren ezkontideen edo bikotekide ohien kontra ez deklaratzeko. Salaketa aurkeztu duten horietatik guztietatik 177 emakumek erabaki dute ez deklaratzea; aurreko urtean, berriz, 147 emakumek ez zuten deklaraziorik egin.

Oro har, 457 gizon epaitu dituzte aurtengo lehenengo hiru hilabeteetan, eta 442 jo dituzte erruduntzat. Zigor arloko epaitegiak 476 gizon epaitu ditu; bost urte arteko espetxealdiarekin zigortutako delituak epaitzen dituzte bertan. Emakumeen aurkako indarkerian espezializatutako atalek, berriz, hamahiru gizon epaitu dituzte. Bost urtetik gorako espetxe zigorra duten delituak epaitzen dituzte. Epaitutako gizonen artean, hamabi zigortu dituzte, eta bakarra absolbitu. Adingabeen epaitegiak bi pertsona epaitu ditu indarkeria matxistagatik, iaz baino lau gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.