Beherantz jarraitzen du kutsatu kopuruak Hego Euskal Herrian. Atzo, Osakidetzak eta Osasunbideak egindako probetan 266 positibo atzeman zituzten; joan den ekainaren 29tik atzemandako kopururik txikiena da. Denera 5.308 proba egin zituzten, eta, ondorioz, positibo tasa %5 da.
Lurraldeka, Bizkaian atzeman zituzten positibo gehien: 116. Gipuzkoan 62 izan ziren, Nafarroan 54, eta Araban 22. Horiez gain, Osakidetzak Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik kanpokoak diren lagunen artean beste hamabi positibo atzeman zituen.
Ospitaleei dagokienez, berriz, antzeko jarraitzen du presioak. Atzo 36 lagun erietxeratu zituzten Hegoaldean COVID-19aren ondorioz, eta 96 lagun daude oraindik ere ZIUetan, atzo baino bat gehiago.