CEAR-Euskadik jakinarazi du 2011n asilo politikoaren 133 eskaera egin zirela Hego Euskal Herrian: 109 Bizkaian, hamazazpi Nafarroan, lau Araban eta hiru Gipuzkoan. 2010eko datuen aldean %58ko gorakada izan da eskaeretan —orduan, 84 eskaera jaso ziren—. Ordea, zazpi pertsonari baino ez zieten aldeko ebazpena eman iaz (%5,3ri).
Rosabel Argote CEAR-Euskadiko Kultura Arteko Ekintzen arduradunak asilo eskubidea “krisian” dagoen eskubidea dela nabarmendu du gaur, Gasteizen. Pertsona migratzaileen fluxuak kontrolatzeko politikek eskubide hori zailtzen dutela ere esan du.
Horrez gain, administrazioek egiten dituzten oinarrizko zerbitzuen murrizketek errefuxiatu eta asilatuengan duten eraginaz ohartarazi du Argotek, legezko agiriak dituzten arren babesgabetasunean bizi baitira asko.