ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiru grebara deitu duten sindikatuentzat "oso ona" izaten ari da grebaren jarraipena, eta haietatik milaka ari dira deialdia jarraitzen. Eusko Jaurlaritzak behin-betiko datuak eman ditu jadanik, eta sindikatuek behin-behinekoak. Sindikatuek bitan banatu dute jarraipena. Batetik Jaurlaritzan egindakoa azaldu dute, "oso eremu zaila sindikatuentzat", Izaskun Garitano ELAko ordezkariaren arabera, baina hala ere, langileen %55 baino gehiagok egin dute greba. Jaurlaritzak, baina, %30ean jarri du Lakuan greba egin duten langileen kopurua. Udaletan, berriz, "arrakasta izugarria" izan da. Hiriburuetakotan %75 inguru -Bilbo %80-, eta herrietan bataz beste hirietan baino jarraipen handiagoa izaten ari da, ELAren arabera.
Jaurlaritzako bozeramaile Idoia Mendiak oso bestelako datuak eman ditu: %19koa izan da grebaren jarraipena, arlo guztiak bat eginda, "oso txikia". "Funtzionarioek arduraz jokatu" dutela uste du, "langabezian daudenekin eta ekonomiaren egoerarekin elkartasun" erakutsi dutela.
Nafarroan, Nafarroako Gobernuan langile publikoen%7,5ek egin dute greba. Sindikatuentzat "erantzun handia" izan da, baina ez dute oraindik datu orokorrik eman. Tokian tokiko erantzuna ezberdina izan dela aipatu dute. Udaletan, Bortzirietan, Malarrekan, Leitzan eta Basaburuan "erabatekoa" izan da, sindikatuen arabera. Nafarroako Gobernuaren arabera, berriz, "ez da ia nabaritu greba" egon dela. Iruñeko Udaleko langileen %5ek egin du greba Gobernuak esan duenez.
Osakidetzan zentro batetik bestera "oso ezberdina" izan da jarraipena ELAk esan duenez. Arratsaldean emango dituzte sindikatuek behin betiko datuak. Mendiak esan duenez, Gipuzkoan %6,6koa izan da jarraipena, Araban, %4,4koa, eta Bizkaian 5,7koa. Nafarroako Osasun Istitutuaren langileen %40 atera dira grebara, sindikatuen arabera.
Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin diren manifestazioak eta elkarretaratzeak, berriz, jendetsuak izan dira. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gainera, hezkuntza arloan grebara atera direnak batu zaizkie gainerako langileei. 11:30ean izan dira manifestazioak, ordubete lehenago, berriz, diputazioen eta Jaurlaritzaren ordezkaritzen aurrean kontzentrazioak egingo dituzte, eta 09:30etik aurrera, eskualdeetan.
LABeko Administrazio arloko delegatu Jon Otegiren ustez, "arrakastatsua" izan da greba, eta "agerikoa ezkutatu nahia" leporatu dio Jaurlaritzari. Horrez gainera, greba funtzionarioekin soilik lotu nahia ere kritikatu dio gobernuari, baina Espainiako Gobernuak hartutakoak "neurri askoz gehiago" direla gogoratu du, zerbitzu sozialen murrizketa besteak beste. "Azkenean, bankuen zuloak langileen kontura estali nahi dituzte".
"Normaltasuna" gutxiengo zerbitzuetan
Eusko Jaurlaritzak goizeko hamarrak aldera esan du gutxieneko zerbitzuak "normaltasunez" ari direla betetzen. ELAk, berriz, salatu du "gutxiengo zerbitzuen gehiegikeria". Osakidetzak hamaikak aldera adierazi du osasun arloko jarraipena %4koa dela Araban, %5ekoa Bizkaian eta %10ekoa Gipuzkoan.
Gastu publikoa murrizteko Espainiako Gobernuak iragarritako neurrien kontra egingo dute horrela deitzaileek, zuzen-zuzenean jasan beharko dituztelako ondorioak. Ekainetik aurrera, batez beste %5 jaitsiko dizkiete soldatak, eta datorren urtean izoztu egingo dizkiete.
Sindikatu horien irudiko, negoziazio kolektiborako eskubidea urratzen dute Espainiako Gobernuaren neurriek; horrenbestez, atzera botatzeko eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari. ELAren esanetan, Madrili "intsumisioa" adieraztea da euskal administrazioei gelditzen zaien bide bakarra. Euskal sektore publikoko lanpostuak eta soldatak defendatzeko, "urrats bat aurrera egin eta autogobernuari erabateko erabilpena" eman beharko diola esan du ELAk.
Eusko Jaurlaritzak sektore publikoan gaurko ezarri dituen gutxieneko zerbitzuekin ere ez daude ados sindikatuak. Erietxeek jaiegunetan bezala eta garraio publikoak %30ean funtzionatu beharko dutela eta ikastetxe guztiei ateak zabaldu beharko dituztela dio Administrazioaren aginduak. Sindikatuei, baina, gehiegizko zerbitzuak iruditzen zaizkie, greba indargabetzeko propio ezarriak, eta helegitea jarri diote haiek zehazten dituen aginduari.
CCOOk eta UGTk ekainaren 8rako dute greba deitua, Espainiako Estatu mailakoa.
ekonoMIA
Hego Euskal Herriko arlo publikoko greba "oso jarraipen ona" izaten ari da, sindikatuen arabera
Sindikatuak pozik eta Jaurlaritza ere bai, langileen ordezkarien ustez jarraipen handia izaten ari delako greba, eta EAEko gobernuarentzat, berriz, "eskasa" izaten ari da. Jaurlaritzak dio grebaren jarraipena %19koa izan dela. Sindikatuentzat, berriz, Eusko Jaurlaritzan %55 baino gehiagokoa izan da jarraipena, eta diputazioetan eta udaletan, %75etik gora. Nafarroan ere hango gobernuak "garrantzia kendu" nahi izan dio grebari. Behin-behineko datuak dira bi aldeetakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu