Hego Euskal Herriko ikasleak, oro har, OCDEko batez besteko mailan daude

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikasleek zientzian gora egin arren, ez dira batez besteko mailara iritsi

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2010eko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako 15 urteko ikasleak OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko batez besteko mailaren parean daude, oro har, PISA txostenaren arabera. Nafarroakoak batez besteko mailaren gainetik daude irakurketan, matematikan eta zientzian. Arabakoak, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak, berriz, gainetik matematikan, parean irakurketan eta apur bat azpitik zientzian.

Isabel Zelaa eta Alberto Catalan, Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko hezkuntza sailburuak, hurrenez hurren, gustura agertu dira txostenak jasotako emaitzekin, Bilbon eta Iruñean egindako agerraldietan. Bat egin zuten zuzentzen dituzten hezkuntza politikak «norabide onean» doazela esaterakoan. «Honek ez du arreta gutxitzeko arrazoi izan behar», ohartarazi zuen Catalanek. Izan ere, Nafarroako hezkuntza sistemaren helburua bikaintasuna bilatzea dela gogorarazi du. Isabel Zelaak, berriz, erdiko mailetan ahalik eta ikasle gehien pilatu behar dela uste du: «Gaitasun maila apaletan dauden ikasleen kopurua gutxitzea da helburu nagusia; inor ez da atzean utzi behar».

Hiru urtean behin egiten da ikerketa hau, 15 urteko ikasleen irakurketa, matematika eta zientzia maila neurtzeko. Orotara, Hego Euskal Herriko 6.272 gaztek parte hartu dute; gehienak DBHko 4. mailako ikasleak. Aldiro hiru alor hauetako bati garrantzia berezia ematen zaio, eta aurten irakurketan sakondu dute.

Hain zuzen ere, arlo horretan lortutako emaitzekin agertu da harroen Alberto Catalan sailburua: «2006ko txostenean batez besteko mailaren azpitik geunden, eta oraingoan gainditu egin dugu». Irakurzaletasuna sustatzeko martxan jarritako politikei egotzi die meritua. 493 puntukoa da OCDEko batez bestekoa, eta 497 puntu lortu dituzte nafarrek. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleek, berriz, 494 puntu.

Gaitasun mailari erreparatuz gero, Nafarroako ikasleen %13 dira irakurtzeko gaitasun maila txikia dutenak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, ikasleen %15. Kasu honetan, azpimarragarria da EAEko ikasleen artean irakurtzeko maila ona dutenen kopuruak behera egin duela nabarmen 2003tik hona.

Matematikan «oso onak»

Zelaak matematikan lortutako emaitzak azpimarratu ditu, «bikainak» direla esanez. «OCDEko batez besteko maila baino nabarmen hobeak dira». 510 puntu lortu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleek alor honetan; OCDEko batez besteko maila 496 puntukoa da. «Nabarmentzekoa da matematikan behe mailako gaitasuna dutenak ikasleen %13 direla gurean, eta OCDEko batez bestekoa %25 dela», nabarmendu du.

Nafarroa ere batez besteko ehunekotik behera dago: %16. Goi mailako gaitasuna dutenen kopurua ere batez bestekoa baino handiagoa da lau herrialdeetan. Dena den, Catalanek pozik egoteko beste arrazoi bat badu, Nafarroako ikasleek 511 puntu lortu baitituzte matematikan.

Zientzia ezagutzak ulertu eta garatzeko ere gaitasuna badutela agertu dute nafarrek.OCDEko batez bestekoa 501 puntukoa da eta Nafarroako ikasleek 509 puntu eskuratu dituzte. Gainera, zerrendako goi postuetan agertzen dira, Herbehereak, Erresuma Batua eta Alemaniaren aurretik. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikasleek, berriz, badutezer egin oraindik. «Hobetu dugu, baina oraindik apur bat falta zaiguOCDEko mailara iristeko», azaldu du Zelaak. Edonola ere, aldea oso txikia dela ohartarazi du.

Zientziari garrantzia gehiago

Isabel Zelaak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikasleak zientzian irakurketan baino traketsago dabiltzala onartu du. «Guk beste batzuek baino ordu gutxiago eskaintzen dizkiogu. Baina horretarako badago arrazoi bat: elebidunak gara eta bi hizkuntza ikasi behar ditugu». Bere lan taldea hainbat aukera aztertzen ari dela dio. Zientziari denbora gehiago eskaini behar zaiola argi du: «Besteei kendu gabe». Horretarako ikasketa orduak ugaritu beharko liratekeela iruditzen zaio. «Baina neurri hori hartzea oso konplikatua da». Bien bitartean metodologia aldaketa prestatzen ari da Hezkuntza Saila.



Datua

% 27,9

D ereduan, euskaraz. Azterlan honetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 4.025 ikaslek parte hartu dute. Hauen %55,75ek D ereduan egiten ditu ikasketak; alegia, D ereduko 2.658 ikaslek egin dute proba. Halere, ikasketak euskaraz egiten dituzten arren, D ereduko ikasleen %27,9k baino ez du hizkuntza hori erabili azterketan. Hamarretik zazpik, bada, gazteleraz erantzun ditu galderak. Zelaaren esanetan datua errealitate soziolingusitikoaren isla da: «Ikasleek ama hizkuntza erabili dute, eta ez irakas hizkuntza». Dena den, euskaraz ere erantzuteko gai direla ohartarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.