Aurrematrikulazioa ikastoletan

Hego Euskal Herriko ikastoletako aurtengo aurrematrikulazioa azken hamar urteetako handiena izan da

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako ikastoletako 2004-2005 ikasturterako aurrematrikulazioa azken hamar urteetako handiena izan da. Horrela, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin kontzertazioen mapa "bernegoziatu beharrean" daudela adierazi dute Koldo Tellitu Partaide-Ikastolen Elkarteko lehendakariak eta Pello Mariñelarena Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendariak, "gure eskaintzaren muturrera iristen ari baikara".

2004ko martxoaren 23a
17:02
Entzun
Nafarroa izan da ikastoletako aurrematrikulazioan igoerarik nabarmenena izan duen herrialdea, iazkoarekin alderatuta, %11,27ko igoera izan baita. Orotara, 519 haurren izenak eman dira bertako ikastoletan. Iaz, 466 ume aurrematrikulatu ziren. Iruñerriko aurrematrikulazioari soilik erreparatuz gero, 300 haurren muga gainditu da lehen aldiz, 303 aurrematrikulazio izan baitira, iaz 246 izan ziren bitartean.

Gipuzkoa izan da bigarren herrialdea, %8ko igoerarekin, iazkoaren erkatuta. Aurrematrikulatutako haurrak 1.375 izan dira. Jarraian Bizkaian izan da hurrengo hazkundea, %3,46rekin; guztira 866 haurrek eman dute izena.

Araba izan da igoeraren salbuespen bakarra, behera egin baitu, modu xumean bada ere. Aurrematrikulazioen portzentaia %3,33 jaitsi da, "baina zifra gordin ez esanguratsuekin, iaztik aurtengora sei ikasle galdu baitituzte herrialde honetan", Tellituk azaldu duenez.

Aipaturiko izen-emate guztiak 2001ean jaiotako haurrei dagozkienak dira, hau da, 2004-2005 ikasturtean hiru urteko beteko dutenak. Adin horretan Haur Hezkuntzan hasiko dira.

Jaiotza kopuruaren hazkundea gaindituta

Bestalde, aurrematrikulazioen igoerak ehunekoetan gainditu egin du jaiotze kopuruaren hazkundearena, bai orotariko zenbakietan bai eta lurralde historiko bakoitzeko. Hala ere, oraingoan ere, Araba da salbuespena.

Horrela, Bizkaian, non jaiotze kopuruaren hazkundea %2,45ean dagoen, ikastolek ehuneko 3,46 egin dute gora; Gipuzkoan, jaiotza kopurua %2,60 hazi da, eta ikastolak, aldiz, ehuneko 8. Aipatu bezala, Araba da Hego Euskal Herriko lau herrialdeen artean jaiotze-kopuruak behera egin duen bakarra, %2,10, baina baita ere ikastolen aurrematrikulazioak ere, %3,33.

Guztira, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 17.647 haur jaio ziren 2001ean, aurreko urtean baino ehuneko 2,8 gehiago. Ikastoletan 2.415 haur matrikulatu dira aurten, aurreko urtean baino ehuneko 5,55 gehiago.

Iruñerrian ikastola berria

Ikastoletan izandako hazkundea dela eta, Mariñelarenak iragarri du Iruñerrian ikastola berria irekitzekotan daudela. Halaber, Tellituk aipatu du beharrezkoa izango dela Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin "kontzertazio berriak negoziatzea, une honetan asko baitira haurrak ikastolan matrikulatu nahi dituzten familiak eta lekurik ez daukagulako ezin dutenak".

Partaideko lehendakariaren ustez, matrikulazioek gora egin dute, besteak beste, ikastoletan eskaintzen den hezkuntza kalitateagatik. "Datu objektiboa da ikastolek osatzen dutela une honetan eskola talderik sarituena kalitate estandar europarrengatik", gaineratu du.

Urkijo eta Euskal Herria

Bestalde, duela gutxi Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak 'Euskal Herria' hitzaren inguruan eragindako ika-mikei dagokienez, 'Euskal Herria' kontzeptua ikas-materialgintzan sartzearen aurka azaltzean alegia, ikastolei eragin ezkorrik sortzen ez dietela nabarmendu du Tellituk.

Ildo horretan, Partaideko lehendakariak adierazi duenez, Urkijoren ekimena "hain da zaharkitua, ezen euskal gizarteak zuzen-zuzenean barregarrikeriaren ontzira jaurtitzen baitu".

Halaber, 1993ko urrian EAEko PPren idazkari nagusi izendatu zutenean Argia astekariak Carlos Iturgaitzi egindako elkarrizketa bat erakutsi dute ikastoletako ordezkariek. Bertan, Iturgaitzen zioenaren arabera, "Euskotarrok Euskal Herria zazpi probintziek osatzen dutela uste dugu".

Ikastolako ordezkarien ustez, Iturgaitzen esandakoak adierazten du 'Euskal Herria' kontzeptua modu zabalean onartuta dagoela euskal gizartean.

Azkenik, Koldo Tellitu itxaropentsu ageri da Espainiako Gobernu berriak hezkuntza alorrean ere "aldaketa baikorrak" sartuko dituen aldera. "Espero dut, hasteko, LOCE dagokion lekuan, hau da, gela ilunean, uztea", adierazi du. Era berean, bere nahia agertu du PSOE bere hausnarketa dokumentatuetan aipatzen dituen aldaketak sartuz joan dadin "eta legera iritsi daitezen".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.