Hego Euskal Herriko inflazioa %3,8ra iritsi da ekainean

LAB sindikatuaren ustez, urtearen amaierarako gutxienez %4koa izango da

2006ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herrian, Kontsumo Prezioen Indizeak soilik ehunen bateko hazkundea izan du ekainean, beraz, nahiko egonkor mantendu dira prezioak. Aldiz, inflazioa %3,8ra heldu da. Hala ere, aipatzekoa da desberdintasun nabarmenak egon direla herrialde batetik bestera.

Aurreko hilabeteetan bezala, Arabak jarraitzen du inflaziorik handiena jasaten, %4,4ra iritsi baita. Atzetik du Nafarroa %3,8koarekin eta Bizkaia, %3,7koarekin. Urte arteko inflazio tasarik txikiena duen herrialdea, berriz, Gipuzkoa da,%3,6koarekin.

Azken hilabeteotan kontsumo prezioek izan duten bilakaera ikusita, erregaiak garestitu izanak ondorioak utzi dituela baieztatu daiteke. Batik bat, inflazioak gehien eragiten dien etxebizitza eta garraio sektoreetan nabarmentzen da hori. Ekialde Hurbileko azken egunotako gorabeherak tarteko, ordea, ez da erraza inflazioak urtea non bukatuko duen zehaztea. LAB sindikatuaren arabera, «ez da %4koa baino txikiagoa izango». Hori dela-eta, lan hitzarmenak sinatzerakoan puntu hori gogoan izateko ohartarazten die langileei.

Bestalde, enpresaburuak inflazioaren goranzko joeraz aprobetxatzen ari direla salatzen du sindikatuak, «marjinak bidegabeki handitzen» ari direla iritzi baitio. Langileen soldaten kasuan, baina, ez ei dira hain eskuzabalak. «Soldata igoerak justu-justu KPIaren hazkundea adinakoak dira, eta horrela ezinezkoa da langileen erosteko ahalmena handitzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.