Kontsumitzaileek aspaldi igarrita zutena baieztatu dute datuek: inflazioa %4,2raino iritsi zen iaz Hego Euskal Herrian. INE Estatistika institutuak eman ditu datuak: azarotik abendura %0,3koa izan da garestitzea, baina urte osoko bilakaera kontuan hartua, %4,2koa. Igoera hori enpresen irabaziei egotzi diete sindikatuek. Patronalak, ostera, ekonomiaren ziurgabetasunari leporatu die, eta inflazioa kontrolatzeko neurriak eskatu ditu, besteak beste, soldata igoerak samurtzea. Agintariek petrolioari eta laboreei bota diete errua.
Ardurak ardura, urte hasieran agintariek nahiz EBZ Europako Banku Zentralak ezarritako %2ko mugaren oso gainetik amaitu du 2007 KPI Kontsumo Prezioen Indizeak. Agintariek erregaien eta jakien garestitzeari leporatu diote igoera, baina azpiko inflazioak ere goranzko joera nabarmena erakusten duela nabarmendu du LAB sindikatuak. Azpiko inflazioak produktu energetikoak eta landutako produktuak ez ditu kontuan hartzen, eta, hala ere, %3,3koa izan da 2007an: «Abuztuaz geroztik gora bidean da tasa hori, eta, ondorioz, aurten ere joera berarekin jarraituko duela aurreikusi daiteke» LABen arabera.
ELAren ustez, berriz, enpresen «gehiegizko irabaziek» eragin dute inflazioaren igoera, «ia monopolioz ezartzen diren prezioek eta egungo politika liberalizatzaileek eragiten duen espekulazioak. Sektore batzuetan, agroelikagaienean esaterako, multinazionalek ezartzen dituzten prezioak ikaragarriak dira». Mikel Noval ikerketa kabineteko buruaren hitzak dira. «Lotsagarria» iruditzen zaio inflazioa soldata igoerei leporatzea: «Gezur hutsa da hori. Estatu espainiarrean, adibidez, aberastasun banaketan soldatek duten tokia nabarmen gutxitu da, prekarietate eta oso gaizki ordaindutako lanpostuen ondorioz».
NABARMENENA, ARABAN. Araban nabaritu dute gehien garestitzea: bertan, %4,6koa izan da inflazioa 2007an, Bizkaia eta Nafarroan %4,2koa, eta Gipuzkoan %4,1ekoa. Produktuei dagokienez, berriz, garraioak garestitu dira gehien urte osoko bilakaera kontuan hartuz gero, %7,1 hain justu. Elikagai eta alkoholik gabeko edariak, berriz, %6,6 igo dira, eta edari alkoholdun eta tabakoa %6,1.
Garestitze horren ondorioz langileen erosahalmena nabarmen murriztu dela nabarmendu dute ELA eta LABek, eta horrenbestez, soldata igoerak eskatzea zilegi iruditzen zaie. «Derrigorrezkoa da KPIa baino gehiagoko igoerak eskatzea, bai diskriminazioak murrizteko bai soldata txikiak errotik kentzeko», esan du Mikel Novalek. «Egoera ikusita, aurtengo negoziazio kolektiborako helburu nagusi bihurtuko da soldata eta erosahalmena hobetzea», gaineratu du LABek.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako CCOOren iritziz ere «kezkagarria da oso» lurralde horietako inflazioa, «bertako ekonomia eta bere lehiakortasunari zuzenean kalte egiten dielako».
Confebask patronalak ere antzerako irakurketa egin du. «Oso datu txarrak dira, gure enpresei kalte handiak eragingo dizkietelako». Confebasken ustez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako prezioak «Europako batez bestekoa baino %1,1 gorago daude, eta horrek kalte nabarmena egiten die gure esportazioei».
Ekonomiaren «egoera kezkagarria» kontuan hartzeko eskatu dute enpresaburuek. Inflazioaren goranzko joeraz gain, euroaren egoera, finantza merkatuen ziurgabetasuna eta soldata igoerak eragindako kostuak aitatu ditu enpresen egoera okertzeko arrisku gisa. Hori gertatu ez dadin neurriak hartu beharko lituzkete administrazioek Confebasken ustez. «Prezioak kontrolatu beharra dago». Horrez gain, eragile sozialei eta sindikatuei «euren erantzukizuna kontuan hartzeko» ere eskatu diete patronalak.
«Ia monopolioz ezartzen diren prezioek eta espekulazioek eragin dute inflazioaren igoera»
mikel noval
ela sindikatua
«Egoera ikusita, aurtengo negoziazio kolektiborako helburu nagusi bihurtuko dira soldata igoerak»
LAB
«Europakoa baino %1,1 gorago gaude, eta horrek kalte nabarmena egingo die gure esportazioei»
Confebask
Hego Euskal Herriko inflazioa %4,2koa izan zen iaz, 2006koaren ia bikoitza
Petrolio eta jakiei egotzi diete igoera agintariek, eta sindikatuek, berriz, enpresen gehiegizko irabaziei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu