1975ean EB Europako Batasuneko jaiotza tasaren batez bestekoa %14,7koa zen eta Hego Euskal Herrikoa %18,9koa. Hego Euskal Herriarena baino jaiotza tasa altuagoa zuten herrialde gutxi izan ziren urte hartan: Eslovakia, Irlanda, Portugal, Txekiar Errepublika, Errumania eta Polonia. Parean ziren Espainia, Malta eta Hungaria. Nabarmen jaitsi da, 30 urteotan, jaiotza tasa Europa osoan, eta Hego Euskal Herriak joera horri jarraitu dio besteak baino nabarmenago.
Jaiotza tasaren jaitsiera azaltzeko, ez da nahikoa jaiotzen beherakada aztertzea. Jaiotza tasak behera egin badu, bizi itxaropena luzatzen ari delako eta biztanleria zahartzen ari delako da. Heriotza tasak, hain zuzen, gora egin du Hego Euskal Herrian azken urteetan: 1975ean 19.064 pertsona hil ziren; 2006 urtean 23.459. Espainiako Estatistika Institutuaren 2007ko datuek jaso dutenaren arabera, gora jarraitzen du heriotzen kopuruak, iaz 24.357 lagun hil baitziren Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan. Heriotza tasa mila biztanleko 8,7ra igo dela esan nahiko luke horrek.
Gero eta zaharragoa da Euskal Herriko biztanleria. Horren adierazle dira Eustatek eta Espainiako Estatistika Institutuak kaleraturiko datuak. Iaz 65 urtez gorako 508.708 pertsona bizi ziren Hego Euskal Herrian eta, horrekin, populazio osoaren % 18,3a ziren. Aldiz, 15 urte baino gutxiago zuten 364.757 gazte bizi ziren urte berean, populazio osoaren %13,1.
Euskal Herri osoko datuak biltzen dituen Euskal Herria datuen talaiatik publikazioak ere hala jasotzen du: 2004 urtean 1.000 biztanleko 9,8koa izan zen jaiotza tasa, heriotza tasa berriz 9,1ekoa. Publikazio horretan Euskal Herriaren zahartze indizea ikertu zen, 2001eko datuetan oinarrituz: Europako zahartze indize handiena duen herrialdea da Euskal Herria.