Hego Euskal Herriko 482 herritarri atzeman diete COVID-19aren gaitza. Guztira, 11.198 proba aztertu zituzten atzo Osakidetzak eta Osasunbideak —antigeno eta PCR probak—, eta horietako 482k eman zuten positibo. Hala, Hego Euskal Herriko positibo tasa %4,3 da. Bigarren egunez jarraian, %5eko tasa baino apalagoa da, alegia, OME Osasunaren Munduko Erakundeak pandemia kontrolpean izateko jarri duen gehienezko tasaren azpikoa. Bezperan baino hemeretzi kasu gehiago detektatu zituzten herenegun, baina, aldi berean, proba gehiago egin zituzten. Dena den, azken hilabeteetako daturik apalenak dira.
Bizkaian izan dira kasu gehienak, berriz ere, 221 atzeman baitituzte. Halere, beheranzko joera erakusten du datuak, aurreko egunetan baino 24 gutxiago baitira. Gipuzkoan, berriz, 144 herritarri atzeman diete gaitza: aurreko egunetan baino 33 gehiago dira. Araban, 37 kasu detektatu dituzte. Hiru lurralde horietan, positibo tasa %4,6 da. Nafarroan, azkenik, 75 positibo atzeman dituzte, eta %3,3 da tasa.
Ospitaleratzeak, gora
Ospitaleetako egoera larria da oraindik ere. Herenegun, 66 paziente sartu ziren Hego Euskal Herriko ospitaleetara gaitzaren sintomak larriagoturik, hots, aurreko egunetan baino hemezortzi gehiago —ostegunean 48 izan ziren—. EAEn 61 paziente erietxeratu zituzten, eta Nafarroan, bost. Bestalde, Hego Euskal Herriko erietxeetako ZIUetan, guztira, 166 lagun artatzen ari dira, bezperan baino hiru gutxiago. Horietako 145 EAEko ospitaleetan daude; gainerako 21ak, Nafarroako erietxeetan.