Hego haizea gogor jotzen ari da Euskal Herria. Horren erakuslerik argiena Loiuko aireportuan gertatu dena. Bost hegaldi bertan behera geratu ziren atzo, eta gaur beste hamazazpi, eta atzeraldiak gertatzen ari dira hegaldi ia guztietan. Hala ere, eguerditik aurrera normaltasunera itzultzen hasi dira.
Iratin jasotako abiaduraz gain, goizean Urduñan jo du gogorren; orduko 152 kilometroko abiadura jaso dute neurgailuek, eta kalteak sortzen ari da. Artziniegan (Araba) 2.000 lagun argindarrik gabe geratu dira. Atxondon, berriz, (Bizkaia) etxebizitza bateko teilatu zatia erori eta azpian harrapatu dituen sei bat auto kaltetu ditu. Erori gabe geratu den teilatu zatia konpontzen ari dira, kalte gehiagorik egon ez dadin.
Bilbon, Arriagako artisau azoka itxi egin dute, eta Olentzeroren opari banaketa antzokian egitea erabaki dute, eta 80 edukiontzi lekuz aldatu ditu haizeak;
Gipuzkoan, berriz, Donostian ere izan du eraginik. Kursaaleko xafla bat erori da, eta ingurua itxi dute gainerakoak egoera seguruan daudela ziurtatu arte. Parke publiko guztiak itxi dituzte ezbeharrak saihesteko.
Andoaindik Adunara bidean, berriz, zuhaitz bat erori eta adar batek buruan eman dio udaleko langile bati; ospitalera eraman dute, eta zaintza berezien gelan dago.
Horrez gainera, errepideetan nonahi daude adar eta adarskak, eta kontuz ibiltzeko aholkatu dute Ertzaintzaren trafiko sailetik, bigarren mailako errepideetan batez ere.
Jaurlaritzako Larrialdi Zuzendaritzak jakinarazi du alerta laranja 18:00ak arte ezarrita egongo dela, eta aholkatu du mendira ez joateko, arriskutsua izan daitekeelako, egun honetan ohikoa.