Akitaniak, Kontseilu Nagusiak, Aturri-Garona uraren sindikatuak eta Hego Lapurdi Herri Elkargoak Aturri arroko hitzarmena izenpetu zuten atzo Urruñan (Lapurdi). Hitzarmen horren bidez, hiru urteko programa bat garatuko dute, 34 milioi euroko aurrekontuarekin. Orotara, 110 ekimen bultzatuko dituzte xede horretarako.
Programa abiatu aitzin, herri elkargoan dauden sei ibaien —Bidasoa, Urdazuri, Mentaberri, Untxin, Baldareta eta Basarun— diagnosia burutu dute. Orotara, 300 kilometro ibai biltzen duen eremuko uren kalitatea bermatzea da xedea, bioaniztasunaren zaintza garatuz.
Lapurdi kostaldeko Uren Antolakuntza eta Kudeaketarako Eskema Nagusia (SAGE) osatzeko lanetan ari diren arren, lehentasunezko neurriak hartu behar direla gogorarazi du Mixel Hiriart Hego Lapurdi Herri Elkargoko presidenteak. Ez da mota horretako lehen hitzarmena. Izan ere, 2010eko uztailaren 7an Uhabia arroko hitzarmena izenpetu zuten eragile guztiek, estatuak barne.
Uren kalitatea hobetzea, naturguneak babestea eta uholde arriskuak saihestea da, bertzeak bertze, arro hitzarmen orokorraren helburua. 23 milioi euroko aurrekontua onartu zuten uztailaren 7an, hamabi milioi euro zirelarik Uhabia hitzarmenaren barruko iraztegia egiteko. Bainu uren kalitatea bermatzea da xede horren erronka.
Georges Labazee Kontseilu Nagusiko presidenteak nabarmendu du Europako uren kalitateari buruzko legea 2015ean sartuko dela indarrean. Araudi horrek, kalitate azterketak zorrozteaz gain, kutsadura maila apalagoak onartzen ditu, eta, hondartzen kasuan, gutxieneko maila betetzen ez badu, hondartzaren itxiera agindu dezake. Gainera, hiru urteko azterketen emaitzak gehitzen dira, eta, behin huts eginez gero, litekeena da hiru urte itxaron behar izatea, kalitate neurketa bateratuak positiboak izan arte. «Lapurdiko hondartzek jende anitz erakartzen dute, eta, horregatik, biziki garrantzitsuak dira, Euskal Herriarentzat ez ezik, departamendu osoarentzat; funtsezkoa da departamenduaren ikur diren hondartza horien kalitatea bermatzea, eskualde horretan ekonomiaren motorra den turismoari kalterik egin nahi ez badiogu».
Kalitatean eragin
Hego Lapurdi Herri Elkargoaren barruan dauden herrietan 3,5 milioi euro xahutuko dituzte herri saneamendua hobetzeko edo plantan ezartzeko. Kasu gehienetan Kontseilu Nagusiak aurrekontuaren %20 ordainduko du, 512.000 euro inguru alegia. Uraren Agentziak %25 ordainduko du (745.000 euro), eta Uraren Agentziak %10 (177.000 euro). Erreketako uren kalitatea hobetzeko aurrekontua 2,1 milioi eurokoa izanen da; Kontseilu Nagusiak 500.000 euroko ekarpena eginen du,Uraren Agentziak 211.000 eurokoa eta Akitaniak 430.000 eurokoa. Azkenik, bioaniztasuna bermatzeko lanek 176.000 euroko aurrekontua ukanen dute; herena Kontseilu Nagusiak ordainduko du, herena Uraren Agentziak, eta %20 Akitaniak.
Labazeek nabarmendu du Lapurdi kostaldean biziki handia dela etxegintzaren presioa eta horrek eragin zuzena duela erreketako uren kalitatean. Horrekin batera, laborantza biziki garatua da errekek orotara duten 300 kilometroko ibilbidean. Baldintza horietan naturguneen babesa oreka zailean dela ohartarazi du Labazeek. Urtean batez bertzeko euri kopurua 1.500 milimetrokoa da, eta usu ekaitz gisa erortzen da.
Euskal Herriko Laborantza Ganberaren iritziz, erreketako uren kalitatea bermatu nahi bada, funtsezkoa da etxaldeak laguntzea, ongarri biltegiak egin ahal izateko eta kabalak uretara joatea saihesteko. Behi esneek bereziki, gogokoa dute errekako freskuran egotea. Hori saihesteko errekak babestu eta laborariei laguntzak eman behar zaizkiela uste du Laborantza Ganberak.
Uraren kudeaketa
Hego Lapurdiko uren kalitatea hobetzeko ituna sinatu dute
Europako uraren legea 2015ean indarrean sartu aitzin uraren kalitatea bermatzeko lanak programa batean bildu dituzteHitzarmen horren bidez, 34 milioiko programa garatuko dute, hiru urtean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu