Pixkanaka, ari dira iristen pandemiaren garapenari buruzko datu positiboak. Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, atzo 298 kasu positibo atzeman zituzten Hego Euskal Herrian. Aurretik, egun bakarrean zenbatutako positibo kopuruak lau egunez jarraian gainditu du 400 kasuren langa.
Denera 7.035 proba egin zituzten, eta ondorioz positibo emandako proben ehunekoa %4,2 a da. Lurraldeka, Bizkaian atzeman zituzten positibo gehien: 149. Gipuzkoan 78 izan ziren, Nafarroan 41, eta Araban 27.
Nabarmen arintzen ari dena erietxeetako presioa da. Beheranzko joera agerikoa da maiatz hasieratik. Izan ere, ordutik, apaltzeak ez du izan aparteko etenaldirik. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera, atzo 29 lagun ospitaleratu zituzten, eta, guztira, 416 gaixo daude zentroetan sartuta. Horietako 275 gela arruntetan daude; 141 dira, berriz, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan.