Azken egunetako datuek bistan utzi dute kutsatuen beherakada eteten ari dela Hego Euskal Herrian. Izurriak datozen egunetan hartuko duen bilakaerak erakutsiko du ea joera aldaketa baten ataria den, eta izurriak berriro maldan gorako bidea hasiko duen. Osakidetzak eta Osasunbideak guztira 7.219 proba egin zituzten atzo Hegoaldean, eta 363 COVID-19 kasu detektatu zituzten horietan. Hala, joan den asteko datuekin alderatuta, zertxobait gora egin dute atzemandako positiboek asteburuan ere.
Lurraldeka, Osakidetzak 165 kasu zenbatu ditu Bizkaian. Gipuzkoa du atzetik: 93 positibo izan dira han. Nafarroan, 57 kutsatu detektatu dituzte, eta Araban, berriz, 47. Positiboen ehunekoari dagokionez, %5ekoa da Hegoaldean.
Gaitzaren transmisioari buruzko informazioa ematen duten adierazleetan ez bezala, erietxeetako presioarekin loturiko aldagai guztietan suma daiteke arintzea. Hegoaldeko osasun agintariek jakinarazi dutenez, atzo 27 gaixo sartu zituzten erietxeetan COVID-19aren sintomak larriagoturik. Erietxeratuta daudenen artean, 110 daude ZIUetan. Orain arte, unitate horietako okupazioa apirilaren 2an izan zen langa horretatik beherakoa, azkenekoz. Konparatuta, maiatzaren 3an, 231 ziren ZIUetan, egungoa halako bi.