Egun bakarrean zenbatutako positibo kopurua gero eta maizago ari da 1.000 kasuren langa gainditzen. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, atzo 1.128 COVID-19 kasu zenbatu ziren guztira Hego Euskal Herrian. PCR probak eta antigeno testak aintzat harturik, Osakidetzak eta Osasunbideak 13.362 test egin zituzten birusa atzemateko, eta, beraz, %8,4 izan zen positiboen ehunekoa asteazkenean.
Lurraldeka, Bizkaian 426 kasu detektatu ziren; Gipuzkoan, 397; Nafarroan, 188, eta Araban, berriz, 110.
Gainera, Hegoaldeko osasun zentroetan erietxeraturik direnen kopurua goranzko joera etengabean da. Azken datuen arabera, guztira 752 pertsona daude ospitaleraturik gaitzagatik. Zehazki, horietako 584 gela arruntetan daude oraintxe bertan, eta 168 dira ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan. Osakidetzak eta Osasunbideak 83 lagun erietxeratu zituzten atzo.
Ezin sartu, ez atera
Nafarroako Gobernuak joan den asteartean iragarri zuenez, gaurtik itxiak dira foru erkidegoko lau herri: Arbizu, Etxarri Aranatz, Lodosa eta Alesbes. Gobernuaren esanetan, neurria bi astez izanen da indarrean, gutxienez. Gainera, larunbatean COVID-19a detektatzeko baheketak eginen dituzte Arbizun, Etxarri Aranatzen eta Alesbesen. Guztira 1.700 pertsona inguru deitu dituzte testak egitera.
Bestalde, Milagroko (Nafarroa) itxiera perimetralak bere hartan segituko du beste astebetez, foru gobernuak jakinarazi duenez. Herria martxoaren 26tik aitzina da itxirik, eta, oraingoz, hala jarraituko du apirilaren 22ra arte. Hasieran, neurria gaur arte zen indarrean izatekoa.