PSOEk gaur jakinarazi duenez, ETAren eraginez Euskal Herria utzi zutenek Hegoaldean bozkatu ahal izan dezaten errolda aldatzea "gai oso konplexua" da, eta, "tentu handiz" aztertu behar denez, ez du egoki ikusten Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeak baino lehen aldatzea.
Hori adierazi du Oscar Lopez PSOEko Antolakuntza idazkariak gaur goizean, Espainiako Gobernuak gaia aztertzeko bultzatu duen kongresuan Fabio Pasqua ponentearen txostenaren berri izan ondoren. Boto eskubidea inoiz Hego Euskal Herrian bizi izan den orori zabaltzea proposatu du horrek, Euskal Herria nork utzi duen ETAk eraginda zehazteak duen zailtasunaren aurrean.
Proposamenak 22 orrialde ditu, eta biltzarrean parte hartzen ari diren 20 adituek goraipatu dute. Pasquak bere txostenean adierazten du Hegoaldean bizi izandako denbora zehaztu beharko dela boto eskubidea emateko. Ondoren baldintza hori betetzen duen orok hiru eta sei hilabete arteko epea izango luke Hegoaldeko zentsoetan izena emateko, "behin eta betiko". Hegoaldean izan zuten azken bizilekuko erroldan sartuko lirateke.