Tramite luzea izan du zirkulazio lege berriak Espainiako Gorteetan, eta polemika handiak. Bizikletako kaskoaren erabilerak sortu du zalaparta handiena, PPren asmoa baitzen herri barruko joan-etorrietan ere kaskoa derrigorrezko ezartzea pertsona guztiei. Neurri hori ez du bere horretan onartu, azkenean.
Espainiako Kongresuak azken baiezkoa gaur eman dio legeari. Aurki jarriko dute indarrean, Espainiako aldizkari ofizialean argitaratu eta hilabetera. Kontuan izatekoa da aldaketa gehiago laster egingo dituela Madrilgo gobernuak, zirkulazioko arau orokorra moldatuta, ekain aldera. Horiei bide emateko atal batzuk txertatu dituzte oraingo lege aldaketan.
1. Kaskoa. Herriz kanpoko errepideetan ezinbestekoa da kaskoa erabiltzea. Herri barruan dator aldaketa: 16 urte baino gutxiagoko neska-mutilek derrigorrez eraman beharko dute kaskoa. Isuna 200 eurokoa izango da araua betetzen ez bada. Gurasoek ordaindu beharko dute.
2. Abiadura. Autobia eta autobideetan gehienezko abiadura orduko 130 kilometrora igo ahalko dute. Zirkulazio araudian zehaztuko dute noiz igo ahalko den. Bigarren mailako errepideetako gehienezko muga apaldu egingo da; orain baino orduko hamar kilometro apalagoa izango da muga. Aldaketa hori ere araudian berretsiko dute. Ekain aldera onartuko dute.
3. Radarrak. Galarazita geratuko da radarrak atzemateko gailuak eramatea ibilgailuan. 200 eurokoa izango da isuna, eta hiru puntu kenduko dituzte gidabaimenetik. Radarren eragina deusezteko gailuak eramatea lehen ere galarazia dago. Radarrez abisatzen duten gailuak izango dira legezko bakarrak.
4. Drogak. Isun handiagoak jarriko dituzte drogaren eraginpean gidatzen dutenentzat. Legez kanpoko drogak hartuta gidari doazenek mila euroko isuna izango dute. Gehienezko alkohol tasaren bikoitzarekin harrapatzen dituztenei ere mila euroko isuna jarriko diete, eta urtebetean behin baino gehiagotan atzematen dituztenei ere bai. Isunaren zenbatekoa oraingoaren bikoitza da.
5. Haurrak. Umeentzako eserleku berezia altueraren araberakoa izango da aurrerantzean, ez adinaren eta pisuaren araberakoa. 1,35 metro baino gutxiago neurtzen dutenek eraman beharko dute gailu horietakoren bat. Gidariaren alboko eserlekuan ezingo dute joan, nahiz eta gailua jarrita eduki —salbuespena izango da atzeko eserlekuak umeekin beteta egotea—.
6. Animaliak. Ehizarako animalien harrapaketetan aldaketa dago: animalia harrapatzen duen gidariak izango du ardura, eta hark ordaindu beharko du autoaren konponketa. Errepideko itxitura gaizki dagoenean edo animalien arriskua behar bezala seinaleztatu gabe dagoenean soilik izango da erantzule administrazioa.
7. Isunak. Poliziek isunak jarri ahalko dituzte ibilgailua geldiarazi gabe eta gidaria nor den identifikatu gabe, poliziak zaintza lanetan ari direnean eta arau-haustea egin duen ibilgailuari segitu ezin diotenean.
8. Ordaintzeko epea. Isunak berehala ordainduz gero, deskontua egiten dute —baita %50ekoa ere—. Gaur egun isuna jartzen dutenetik hamabost egunera artekoa da epe hori; hogeikoa izango da aurrerantzean.
9. Matrikulak. Hego Euskal Herrian bizi diren pertsonek Espainiako matrikularekin eduki beharko dute autoa; ezingo dute beste herrialderen bateko matrikularekin eduki. Ekainean zehaztuko dute aldaketa hori, araudi berriarekin.
10. Garabiak. Larrialdiko ibilgailuen parekoak izango dira zerbitzua ematera doazen garabiak. Lehentasuna izango dute pasatzeko, eta errepidean geratu ahalko dute.