Iberiako langileek beste bi greba egun izango dituzte datorren astean, eta Hego Euskal Herrian hamar hegaldi geratuko dira bertan behera, guztiak ere Loiuko aireportuan. Lanuzteak ez du eraginik izango Hegoaldeko beste hiru aireportuetan: Hondarribian, Noainen eta Forondan. Etzi sei hegaldi etengo dituzte Loiun, eta datorren asteazkenean, lau. Konpainiak jakinarazi du bezeroei erraztasunak jarriko dizkiela beste hegaldi batzuetan bidaiatzeko.
Prezio apaleko hegaldiak eskaintzeko, menpeko enpresa bat sortu nahi du Iberiak, eta horrek eragin du langileen protesta. Konpainiak Erresuma Batuko langileak jarri nahi ditu enpresa horretan —British Airways konpainiarekin bat eginda dago—, eta Iberiako beharginek diote legez kanpokoa dela hori. Gaur egun Iberian ari diren langileak jartzeko eskatu diote zuzendaritzari.
Eguberri garaian egin zuten greba, eta segitzeko asmoa dute. Madrilerako hegaldiak geratuko dira bertan behera Loiun. Hiru Bizkaiko aireportutik abiatzekoak ziren (07:20an, 09:55ean eta 17:50ean), eta beste hiru, Madrildik iristekoak (07:55ean, 09:15ean eta 17:05ean). Asteazkenean, ez dira abiatuko 13:45eko eta 17:50eko hegaldiak, eta ez dira helduko 12:00etakoa eta 16:00etakoa.
Hegoaldean sei hegaldi bertan behera geratuko dira etzi, greba dutelako Iberian
Loiun soilik eragingo du langileen protestak; asteazkenean ere egingo dute lanuztea, eta lau hegaldi kenduko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu