Hegoaldeko aireportuak, kontrolatzaileek gerarazita

Osasun arazoak dituztela esanda laga dute lana; militarrak ordezko gisa sartuko dituela esan du Espainiako Gobernuak

arantxa iraola
Donostia
2010eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Espainiako Aireportuak eta Aireko Nabigazioa AENArekin dituzten desadostasunak agerian uzteko, lanari laga egin zioten atzo arratsaldean hainbat aireko kontrolatzailek, osasun arazoak argudiatuta. 17:00ak aldera izan zen.AENAren arabera, lanuztea «masiboa» izan zen eta aldez aurretik erabakitakoa. Ondorioak berehalakoan heldu ziren; Barajaseko aireportua (Madril) aurki itxi zuten, bai eta Galiziako eta Herrialde Katalanetako hainbat aireportu ere.Eragina aski nabarmena izan zen Euskal Herriko aireportuetan ere.Loiuko aireportuak (Bizkaia) bertan behera utzi zuen jarduna 20:00etan. Egin asmo zituen 144 hegaldietatik 26 bertan behera utzi behar izan zituen. Jaiegunen bezpera zenez, bidaiarien joan-etorria handia zen, eta horietako asko geratu ziren lurrean, bidaiatu ezinik. Informazio falta salatu zuten.

Egoerari aurre egiteko asmoz,Espainiako Gobernuko Sustapen ministro Jose Blancok arazoa aztertzeko batzorde bat eratu zuen eta berehala bilera bat egin zuten. Mahai gainean jarri zuten aukeretako bat, kontrolatzaile militarrei abisu ematea zela onartu zuen AENAko presidente Juan Ignacio Lermak. Berehala, atzera bueltarik gabeko mezua helarazi zieten lanuztea egin zuten beharginei: 21:30erako beren lantokietara itzultzen ez baziren kontrolatzaile militarrak sartuko zirenlanpostuak betetzera. Atzo, hain justu, hori ahalbidetzen zuen dekretu bat onartu zuen Espainiako Gobernuak. Nolanahi ere, edizioa ixteko orduan El Prat aireportura (Bartzelona, Herrialde Katalanak) kontrolatzaileen erdiak itzuli ziren lanera, eta konponbidearen hasiera izan zitekeela zirudien. Langile talde handi batek, bitartean, batzartuta jarraitzen zuen, Madrilgo hotel batean.

Aireko kontrolatzaileek AENArekin duten gatazka ez da berria. Lan baldintzak tarteko, udan ere protesta ugari egin zituzten, eta mugagabeko greba egiteko mehatxua ere agerian utzi zuten hainbat aldiz. Urak bere onera etorrita zeudela zirudien, baina atzo, Espainiako Ministroen Kontseiluak hartutako hainbat erabakirekin kexu, protesta egin zuten berriro aireko kontrolatzaileek. USCAko ordezkariek aditzera eman zuten, kontrolatzaileen portaera «espontaneoa» izan zela guztiz, Espainiako Gobernuaren erabaki berriek langileen artean eraginondoezaren bat-bateko emaitza.

1.670 ordutan ezarri dizkiete urtean zehar egin beharreko lanorduak, eta horren barruan ezingo dituzte zenbatu gaixoaldiagatik edo famili kontuengatik hartutako baimenak, ez eta trebakuntzara bideratutako orduak ere. Halaber, zenbait kasutan -atzo arratsaldean Espainiako Gobernuak egin zuen bezala- kontrolatzaileen jarduna Defentsa Ministerioaren esku lagatzea onartu dute, eta horrek ere aparteko ezinegona eragin du langileen artean. Aireportuen kudeaketaren eremuan egin nahi diren hainbat aldaketarekin ere, pribatizazioak tarteko, kexu dira.

Kritikak

AENAk gogor hitz egin zuen aireko kontrolatzaileen kontra. «Herritarrak bahitzea» egotzi zien beharginei, eta «xantaia» egitea. Harago ere egin zuen,herrialde bateko aireko trafikoa geratzea zigor kodean zerrendatutako delitua dela gogorarazi zuen: «Oso larria». Ezin izan zuten ezkutatu beharginek hartutako erabakiak eragin zuen egoeraren larritasuna. «Erabaki arduragabe hau arazo handiak eragiten ari da». Zenbait kontrolatzailek, lanari uzteko estresa argudiatu zutela azaldu zuen, eta beste batzuk, berriz, takikardiak. Orain behargin horien guztien osasun txostenak eskatzeko asmoa du AENAk, hortik aurrerako neurriak erabakitzeko. Mediku kontrol horiek ere, atzo Espainiako Gobernuak onarturiko aldaketen artean daude.

Aireko kontrolatzaileek hartutako erabakiak eragindako arazoakAENAk kontrolatzen dituen ia aireportu guztietara zabaldu ziren. Azaldu zutenez, 250.000 bidaiari espero ziren atzo aireportuetan, eta datozen egun hauetan ere beste askori eragin diezaiekete bertan behera lagatako hegaldiek edo atzerapenek. Iluntzean, soilik Andaluziako partean zegoen aireko trafikoa irekita.

Egoerari aurre egiten saiatzeko, unean unean, hainbat erabaki hartu behar izan ziren. Renfek 2.000 leku gehiago eskaini zituen hainbat zerbitzu betetzeko, eta Balear Uharteetarako ere ohikoa baino ontzi gehiago jarri zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.