Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako 15 urteko ikasleek OCDEko batez besteko maila dute, gutxi gorabehera, zientzietan, matematiketan eta irakurketan: Nafarroakoak batez bestekoa baino gorago daude zientzietan eta matematiketan, eta beherago irakurketan; Arabakoak, Bizkaikoak eta Gipuzkoakoak, berriz, batez bestekoa baino gorago daude matematiketan eta beherago zientzian eta irakurketan.
Hala erakusten du OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak herenegun argitaratu zuen PISA txostenak.OCDEk hiru urtetik behin egiten du ikerketa ikasleen zientzia, matematika eta irakurketa maila neurtzeko. Aurten 57 herrialdetako ikasleen maila neurtu du. Hego Euskal Herriko 5.519 ikaslek parte hartu dute, sare eta hizkuntza eredu guztietakoek, gehienak DBHko laugarren mailakoak.
Zientziak
Nafarroako ikasleek 511 puntuko puntuazio orokorra lortu dute; Arabakoek, Bizkaikoek eta Gipuzkoakoek, berriz, 495. OCDEko herrialdeetako batez bestekoa 500 puntukoa izan da.
Azterketan gaitasun zientifikoa neurtu dute: «Zientzia ezagutza erabiltzeko, galderak identifikatzeko eta frogetan oinarritutako ondorioak ateratzeko gaitasuna. Gaitasun horren helburua ondokoa da: bai naturaren mundua, bai gizakien jarduerek mundu horretan sortzen dituzten aldaketak ulertzen eta horren inguruan erabakiak hartzen laguntzea».
Zientzia gaitasuna neurtzeko sei mailako sistema batean Hego Euskal Herriko ikasleek, batez beste, hirugarrena lortu dute.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleen %79,9k maila ertaina lortu dute, eta %15,7k maila baxua. Maila baxua lortu dutenetatik %3,2 ez dira oinarrizko mailara iritsi. %0,3k bakarrik lortu dute bikaintasuna.
Nafarroan ikasleen %80k lortu dute maila ertaina, %19,6k baxua eta %0,3k bikaina. Maila baxua eman dutenetatik %2,0 ez dira iritsi oinarrizko mailara.
Maila ertainetako ikasleen portzentajea ikusita, Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailek nabarmendu dute bertako hezkuntza sistemak bidezkoak direla.
PISA 2003an Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak erabaki zuen D ereduko ikasle bakoitzak proba familiakoekin erabiltzen zuen hizkuntzan egitea. Iaz D ereduko 2.003 ikasleetatik 1.468k egin zuten proba gaztelaniaz eta 535ek euskaraz. Gaztelaniaz egin zutenek 492,4 puntu lortu dituzte, eta euskaraz egin zutenek 495,1.
Irakas Sistema Ebaluatzeko eta Ikertzeko Erakundeak (ISEI) nabarmendu du gizarte mailen arteko aldeak daudela ikasleen zientzietako errendimenduan eta ikasleen baldintza ekonomikoak, sozialak eta kulturalak direla desberdintasun gehienen arrazoia. «Aldagai horien eragina alde batera uzten badugu, desberdintasun horietako batzuk desagertu egingo dira. Gauza bera gertatuko da ez badugu zentroari dagokion indize soziala, ekonomikoa eta kulturala kontuan hartzen».
Matematikak
Matematiketan Nafarroako ikasleek 515 puntu lortu dituzte eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleek, berriz, 498. OCDEko herrialdeetako batez bestekoa 498 puntukoa izan da. Zientzietan bezala, Hego Euskal Herriko ikasleen batez besteko puntuazioa sei mailako sistema batean hirugarrena da.
Nafarroan ikasleen %81,3k lortu dute maila ertaina, %15,4k maila baxua eta %3,2k maila bikaina. Ikasleen %4,4 ez dira iritsi oinarrizko mailara.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, ikasleen %81,4k lortu dute maila ertaina, %16,9k maila baxua eta %1,6k bikaina. Maila baxua lortu dutenen artean %5,1 ez dira irisi oinarrizko mailara. Proba euskaraz egin duten D ereduko ikaslek 512,4 puntu lortu dituzte eta gaztelaniaz egin dutenek 502,7.
Irakurketa
Hego Euskal Herriko ikasleekOCDEko herrialdeen batez besteko puntuazioaren azpiko maila lortu dute: OCDEko herrialdeen batez bestekoa 492 puntukoa izan da, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleena 487 puntukoa eta Nafarroakoena 481ekoa. Bost mailako gaitasun sisteman hirugarren maila lortu dute.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren arabera, maila hori «harrigarria da hizkuntza ofizial bi dituen erkidego batentzat». Nafarroako Gobernuak programa bat abiatuko duela iragarri du, adierazle hori hobetzeko.
Parte hartu duten herrialde guztietan neskek mutilek baino emaitza hobeak lortu dituzte. Aldea nabarmena da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleen kasuan: neskek 506 puntu lortu dituzte eta mutilek 469.
Hegoaldeko ikasleek OCDEko batez besteko maila lortu dute PISA azterketan
Ikasleen gaitasuna neurtu dute zientzietan, matematiketan eta irakurketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu