Hego Euskal Herriko zahar etxeetan, txertatzeari uko egin dioten edota txertoaren bi dosiak hartu ez dituzten langileek bi PCR egin beharko dituzte astean. Hala onartu du gaur Espainiako Osasun Sistemaren Lurraldearteko Batzordeak, goizean egindako bileran. Bertan oniritzia eman diote Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak mahai gainean jarritako gomendioen dokumentuari. Egoitzetako neurriak eguneratu egin ditu dokumentu horrek, eta gomendioen artean jasota dago arestian aipatutakoa. Zahar etxeetako egoiliarrei, bisitei eta langileei dagozkien neurriak jasota daude txostenean. Gomendioak dira, eta erkidegoen esku dago horiek bete ala ez.
Zahar etxeetako beharginei dagokienez, haiek txertatzea ez da derrigorrezkoa izango, baina txertatzea aholkatuko zaie. Berriak diren langileei buruz, berriz, honako hau dio txostenak: «Langile berri batek ez luke egoitza batean lan egin behar txertaketa pauta osoa izan gabe». Hala, haien txertaketa «lehenbailehen» programatzea aholkatzen da, bai eta pauta osoa izan arte osasun neurriak «zorroztea» ere, txostenak jasotzen duenez.
Dena delako egoitzetan txertatzeari uko egiten dioten beharginen kasuari dagokionez, birusaren transmisioa kontrolpean izateko prebentzio neurriak indartzea proposatu dute, hau da, besteak beste, norbera babesteko ekipamenduak lanaldi osoan jantzita eramatea. Horrez gain, langile horiei egunero tenperatura neurtzea eta astean gutxienez bi PCR proba egitea proposatu dute. Ez hori bakarrik: zabalik utzi dute txertatzeari uko egiten dieten langileak lanpostuz aldatzea aztertzeko aukera.