Azken asteetan bolo-bolo ibili eta zenbait hedabidetan argitaratu eta gero, agintariek ere izan dute zeresana Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik Lapurdira txertatzera doazen biztanleen inguruan. Hain zuzen ere, Maider Arostegi Miarritzeko alkateak (Lapurdi) adierazi du txertoa hartzeko ordua eskuratu ahal izateko irizpideak zorroztuko dituztela, eta erabiliko ez diren dosiak baino ez dizkietela jarriko Hegoaldeko biztanleei. Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak ere eman du bere iritzia, eta, Lapurdin txertatzen diren Hegoaldeko biztanleen hautua errespetatzen badu ere, adierazi du ez duela horri buruzko informazio gehiagorik.
Orain arte, Frantziako Osasun Ministerioaren DoctoLib plataforman ematen zuten izena Hegoaldeko biztanleek, eta ez zuten bestelako baldintzarik bete behar. Horri buruz galdetzean, Sagarduik adierazi du «ezustean» harrapatu duela, eta berak ere hedabideen bidez izan duela horren berri. Gehitu du Frantziako Osasun Ministerioak ez diela horren berri eman, «harreman adeitsuak» badituzte ere. Sailburuak azaldu du ez dakiela txerto horiek nola erregistratuko diren osasun sisteman: baina, hala ere, zehaztu du lehen dosia emandako osasun sistema berak izango duela bigarrena jartzeko ardura.