«Herri baten zutabeetariko bat da komunikazioa. Hekimenekin lanean jarduteak garrantzi berezia du, Euskal Herriaren kohesioa sustatzeko». Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakariak 2014-2015eko aldirako lankidetza hitzarmena sinatu du Hekimen euskal hedabideen elkartearekin. Iban Arantzabal Hekimeneko presidenteak sinatu du ituna, elkartearen izenean. «Udalbiltzak eskainitako elkarlana ezinbestekoa da». Euskal hedabide pribatuen elkarlana bideratzea du xede Hekimenek.
Hekimenek Euskal Hedabideen Behategia proiektua martxan jarriko du 2014-2015eko epealdian. Egitasmo hori gauza dezan, diru laguntza jasoko du Udalbiltzaren bidez: 15.000 euro, Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondoaren bitartez. Gainera, Hekimenek parte hartuko du Udalbiltzaren Adituen Sarean.
Euskal hedabideen elkarlana bideratzeko helburuarekin sortu zuten Hekimen, 2012. urtean, euskararen hiztun komunitateak beharrezkoa duen eremu komunikatibo sendoa garatzeko. Hekimenek sorreratik dituen helburu eta egitasmo garrantzitsuenetarikoa da Euskal Hedabideen Behategia. «Behategiaren proiektua Hekimen elkartearen proiektu estrategikoa da. Egungo errealitatea zein den jakiteko ez ezik, hurrengo urteetan euskal hedabideek egin behar dituzten urratsak irudikatzen ere lagunduko digun tresna da», azaldu du Arantzabalek.
Hedabideentzako tresna
Behategiaren helburua da sektoreak eta administrazio publikoek euskararen normalizaziorako ados ditzaketen zenbait urratsen bideratzea eta jarraipena egitea. Hauexek izango dira Behategiaren funtzioak: irismena zehatz neurtzea, hartutako neurriak zenbateraino bete diren neurtzea, sektorearen egoera islatzen duten adierazleak definitzea eta horien jarraipena egitea, beste hizkuntza gutxitu batzuen esperientziak aztertzea eta estrategikoak izan daitezkeen bestelako akordioen jarraipena egitea.
«Behategia aurten bertan jarri dugu martxan», dio Arantzabalek. EHUko eta Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateko ikerketa taldeekin elkarlanean ari dira. «Elkartearen beraren barne egituraketarako baino gehiago, euskal hedabideentzat oinarrizko lanabesa izango da».
Behategia proiektua «garrantzitsua» da, Aizpuruaren hitzetan. Horregatik lagunduko du diruz Udalbiltzak. «Euskararen normalizazioan ere ezinbesteko lana betetzen dute Hekimen osatzen duten hedabideek, euskaldunei informazioa jasotzeko eskubidea bermatzen dietelako».
Udalbiltzak Euskal Herriko Fondoaren bitartez lagunduko du diruz Behategia, Euskal Herria sendotzen programaren bitartez, hain zuzen. Nazio eragileekin hitzarmenak egin dituzte programa horretan. Hekimenekin egindako ituna laugarrena da. Aurretik, Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiarekin, Euskara Elkarteen Topagunearekin eta Euskal Herriko Laborantza Ganberarekin sinatu ditu. Aizpurua: «Hitzarmen honen bidez, nazio mailako bi erakundeok lanean ariko gara aurrerantzean».