HEDABIDEAK

Hekimenek ohartarazi du Jaurlaritzaren deialdia ez dela hedabideek "behar" dutena

Aurreko urteetako diru kopuru bera izango da hurrengo hiru urteetan. "Ez du proiektu berrietarako tokirik uzten", hedabideen elkarteak ohartarazi duenez. Laguntzak igo dituzte Nafarroako Gobernuak, EEPk, eta Gipuzkoako eta Arabako diputazioek.

Euskarazko hedabide batzuen azalak. BERRIA
Garikoitz Goikoetxea.
2016ko irailaren 20a
07:45
Entzun

Ikasturtearen atarian, euskarazko hedabideetako inbertsio publikoari buruzko gogoeta egin du Hekimen elkarteak, euskarazko herri hedabideen bilguneak. Diru-laguntza deialdiak egin dituzte erakunde publikoek, baina deialdi handienak ebatzi gabe daude oraindik. Horretaz kexatu da Hekimen: "Atzerapen administratiboek kalte eta buruhauste franko ekartzen diete euskarazko hedabideei. Behar-beharrezkoa dugu deialdiak garaiz erabakiko dituen diru-laguntza sistema eraginkorra".

Aldaketa handiak izan dira 2016an hedabideentzako laguntzetan. Hona Hekimenen azterketa:

1. Eusko Jaurlaritza. Hiru urterako diru-laguntza deialdia egin du, aurreko urteetako diru kopuruarekin: 4,9 milioi euro. Gutxiagoren artean banatuko dute kopurua, Nafarroako euskarazko hedabideak laguntzetatik at geratuko baitira orain —hango gobernuak egin du deialdia—. Irizpideetan aldaketa handiak egin ditu Jaurlaritzak azken urteetan; irismena kontzeptua bihurtu da giltzarri. Hekimenek azaldu du elkartearen "hainbat gomendio" onartu dituela gobernuak —maiztasuna kontuan hartzea, adibidez—, baina beste batzuk, ez: "Esaterako, HPSk egindako inkestaren datuetan irakurle kopuru totalak hartzea, edo irismena ez ezik beste aldagai batzuk ere hartzea". Ez dute balorazio ona egin deialdiari buruz: "Hiru urteetan diru poltsa berdina egotea eta irizpide nagusiak eztabaidatu gabe hiru urteko deialdia egitea ez da sektoreak behar duena, ez delako nahikoa berau hauspotzeko eta egonkortzeko". Ohartarazi dute, gainera, "proiektu berrietarako tokirik" ez duela uzten deialdiak.

2. Nafarroako Gobernua. 2010ean kendu zuten euskarazko hedabideentzako laguntza-deialdia berreskuratu du, 355.000 euroko inbertsioarekin. Nafarroako euskarazko hedabideek, baina, aurreko urteetan baino diru gutxiago jasoko dute, Jaurlaritzak ematen ziena baino kopuru txikiagoa baita Nafarroako Gobernuak ateratakoa. Horregatik, "apustu sendoagoa" eskatu du elkarteak.

3. EEP. Euskararen Erakunde Publikoak %4 igo du inbertsioa; 2012ko mailara heldu da horrela. Hala ere, ez zaie denei iritsi igoera; Euskal Irratiek salatu dute, adibidez, azken hamabi urteetan ez dutela igo irratientzako diru laguntza.

4. Gipuzkoako Diputazioa. %38 igo ditu diru laguntzak iaztik. "Inoiz baino diru laguntza gehiago bideratuko dira Gipuzkoako euskara hutsezko hedabideetara", nabarmendu du Hekimenek. Eskualdeko hedabideen sustapenerako deialdi berria ere izango da Gipuzkoan.

5. Arabako Diputazioa. 50.000 euroko saila jarri du martxan. "Diru poltsa txikia izanda ere, aurrerapausotzat har daiteke urratsa".

6. Bizkaiko Diputazioa. Murrizketa egin du: 50.000 euro gutxiago. "Lehengo poltsa nahikoa ez bazen ere, aldundiaren erabakiak gehiago estutzen ditu Bizkaiko euskarazko toki komunikabideak".

Inbertsioen kopuru osoari erreparatuta, igoera ageri da. "Euskal hedabideen sektoreak egindako ahaleginaren ondorioa" da, Hekimenen arabera. Bide horretan sakondu nahi du, iaz jarritako helburu nagusiei begira: batetik, hainbat urterako laguntza deialdiak izatea, sektorearen onarpena izanik eta garatzeko aukera egonda; bestetik, finantzaketa igotzea, 2,5 milioi euro gehiagorekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.