Euskal presoen eskubideen aldeko Sare plataformak Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza Idazkaritzarekin eta beste hainbat elkarteekin "helburu komunak" adostu nahi ditu. Sarek era baikorrean baloratu du Eusko Jaurlaritzaren Zuzen Bidean proposamena. Adierazi duenez, dokumentua "oso positiboa da", Jaurlaritzak ere, Sarek bezala, "oinarrizko urraketak urgentziaz konpontzeko beharra adierazten duelako". Zuzen Bidean proposamenak, besteak beste, 70 urtetik gorako presoak kartzelatik askatzea, gaixo larriak etxeratzea, gurasoen eskubideak eta dispertsioaren amaiera barnebiltzen ditu.
Bide horetan "helburuetan eztabaida eta adostasuna lortzeko aurre prozedura" bat zabaltzeko proposamena egin du Sarek. Alde horretatik, "bide komun bat garatzeko prestutasuna" erakutsi du mugimenduak; horretarako baldintza jarri du, halere, mugimenduak: "helburuetan sentsibilidade, eragile, instituzio, norbanako eta gaiarekin harreman zuzena duten agente ezberdinen arteko adostasuna eraikitzea".
Besteak beste, "estatuez gaindiko izaera eta eskumen ezberdinak dituzten instantzietara" jotzeko proposamena egin du euskal presoen aldeko plataformak, "Espainiar eta frantziar gobernuek Europar zein estatu mailako arautegia etengabe urratzen diharduten heinean. Bestetik, "euskal jendartearen baitan dagoen adostasun sozialaren gaineko elementu nagusietan bide bateratu bat marrazteko" deia egin du Sarek.