Txertaketa kanpaina emeki hasi zen Ipar Euskal Herrian, iragan urtarrilean. Geroztik, lehentasuna izan dute adin tarte batetik gorakoek, osasun langileek, eta heldu zaurgarriek. Astelehenetik, heldu guziei ireki zaie txertaketa. Ipar Euskal Herriko txertaketa guneetan izena emateko, Doctolib, Maiia edo Keldoc plataformak erabili behar dituzte herritarrek.
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak apiril bukaeran iragarri zuen ekainaren 15ean zabalduko zitzaiela txertaketa kanpaina heldu guziei. Baina, maiatzaren 20an, data horren aitzinatzea iragarri zuen, Frantziak txerto gehiago jaso ondoan.
Ipar Euskal Herrian, neurrien arintzeen bigarren fasean daude herritarrak maiatzaren 19tik. Publikoa hartzen duten guneak berriz ireki zituzten, orduan, hala nola ostatuetako terrazak eta kulturguneak. Egun horretatik, etxeratze agindua 21:00etan da. Hurrengo fasea ekainaren 9an hasiko da: edukierak handituko dituzte, eta etxeratze agindua 23:00etan izanen da.