HELDUEN EUSKALDUNTZE ALFABETATZEA. FINANTZAKETA. Euskaltegi homologatuek planto egin diote Eusko Jaurlaritzari

Finantzaketaz egin zaien proposamena aldatzen ez bada bitariko batzordea uzteko prest daudela esan dute

Iñigo Bilbao Sagastiberri.
2005eko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Helduen euskalduntze eta alfabetatzean diharduten euskaltegi homologatuek planto egin diote Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari. Onartezina irizten diote sektorearen finantzaketarako agintariek egin dieten proposamenari, eta hori aldatzea eskatu diete. Xede horrekin gutuna igorri zioten Miren Azkarate sailburuari ekainaren 1ean, baina ez dute erantzunik jaso. Jaurlaritzak jarreraz aldatzen ez badu, euskaltegiak prest agertu dira sektorea normalizatzeko alde biek sortutako bitariko batzordea uzteko.

Euskaltegion ordezkariek agerraldia egin zuten atzo Bilbon, horren guztiorren berri emateko: Mertxe Mujika (AEK), Patxi Agirregomezkorta (Batuz), Entzi Zubiri (By & Bai) eta Fito Kerexazu (IKA). 2003ko azaroan Jaurlaritzarekin akordioa lortu eta bitariko batzordea osatzeko konpromisoa hartu zutenetik alde biek adostutako bidea zapuztu izana egotzi diote guztiek orain arte Miren Azkarate buru duen Kultura Sailari.

Finantzaketari buruzkoak

Azkaratek joan den martxoan finantzaketaren inguruan mahai gainean ipini eta beraiek aintzat hartutako proposamena, maiatzeko bileran Kultura sailburuak berak bertan behera utzi zuela salatu dute euskaltegiek: «Ordura arte adostutako bide metodologikoa erabat apurtu zuen Azkaratek azaldutako asmoak; izan ere, adostutako bidetik jarraitu beharrean, atzera egin zuen, eta honako hau proposatu zigun: datozen lau ikasturteetan 2004-05 ikasturtean erabilitako diru kopuruari urtero kontsumo prezioen indizea (KPI) igotzea».

Horrek, euskaltegien esanetan, ezerezean uzten du bitariko batzordea osatzeko izan zuten helburua; «sektoreari zuzenean edo zeharka dagozkion gaiak jorratzea eta sektorearen normalizazioa areagotzeko neurriak bideratzea», alegia.Euskaltegietako ordezkariak arduratuta daude. «Kopuru horrek ez du egoera normalizatuko, gaur egungo egoera ez-normalizatua luzatzea baino ez baitu ekarriko».Fito Kerexazuk argitu zituen horren gaineko nondik norakoak: Jaurlaritzaren azken planteamenduakkolokan jartzen du alde biek sinatu zuten akordioa, ez bakarrik helburuak betetzen ez dituelako, baita «kanpo uzten duelako bitariko batzordeak orain arte jorratutako gaietan adostutako guztia» ere. Finantzaketari dagokionez, gainera, proposatu zaiena martxoaz geroztik alde biek adostu zuten bidetik aldentzen dela argitu zuen.Araba, Bizkai eta Gipuzkoako euskaltegi homologatuen haserrea eta ezinegona ulertzeko, alde bien arteko negoziazioen ibilbidea azaldu zuen Mertxe Mujikak. Izan ere, bitariko batzordea lanean hasi zenetik, joan den urteko urtarrilean, hainbat gai jorratu eta adostu ditu: ikasleen beharretara egokitutako irakaskuntza, giza-baliabideen etengabeko prestakuntza, erabilera sustatzeko euskalduntze-alfabetatzea osagai bezala erabiltzea, eta sektorearen sustapena, besteak beste.Finantzaketarekin zerikusia zuten puntuak prozesuaren azkenerako utzi zituzten, ikuspegi orokorra izatea beharrezko bezala jo zutelako. Eztabaidarako prozesu hasieran finkatu zuten bideari jarraitu diote alde biek. Baita, Mujikak nabarmendu zuenez, finantzaketaren gaian ere, «nahiz eta jakin gairik gatazkatsuena berau izan zitekeela».

Kostuen analisia, hasteko

Bidea zehaztu, eta horri jarraitu diote bitariko mahaian: kostuen analisia egin zuten; finantzaketa publikoari zegokion portzentajea zehaztu zuten; bai eta diru hori bideratzeko sistema egonkorra diseinatu ere.

Azkaratek berak, martxoaren 22an, gai horretan zeuden jarrera biak hurbildu eta arazoa konpontzeko konpromisoa hartu zuen. Hartara, adostasunera eramango zuen erdibidea proposatu zuen sailburuak, eta hari jarraitu zioten alde biek. Mujikak goraipatu zuen, gogoratuz hori ikusita euskaltegiek ere ahaleginak egin zituztela irtenbide batratua topatzeko.«Ez dugu ahaztu behar aurtengo ikasturtean igoerarik ez izatea onartu genuela; izan ere, gure helburua beti izan da esparru orokorra lortzea, eta ez horrenbeste urtez urteko hobekuntza partzialak eskuratzea».Maiatzaren 26ko bilerara Azkaratek eramandako proposamena ezustean hartu zituen euskaltegietako ordezkariak. Haserre daude, eta horixe joan den astean igorri zioten gutunean jarduneko sailburuari jakinarazten ziotena.Euskaltegiek, bestalde, Eusko Legebiltzarrera eraman nahi izan dute honek guztiak sortu dien ezinegona. Alderdi politikoekin bilerak egiten hasi dira dagoeneko gertatu denaz zuzeneko berri izan dezaten.Egunotan Ezker Abertzalea eta Aralar taldeetako ordezkariekin izan dira, eta asteon bilduko dira EAJ eta EAko legebiltzarkideekin. Datorren astean izango dira gainerako alderdiekin. «Haien esku egon daitekeen guztia egin dezatela eskatuko diegu egoera bere onera etor dadin».Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailean besterik pentsatzen dute, hala ere. Euskaltegiek adierazitakoak egiaztatu nahian, Berriak Koldo Ordozgoitirekin hitz egin du, bera baita Kultura Saileko komunikazio arduraduna. Hark argi utzi nahi izan du Kultura Sailekoak ez direla mahaitik altxatu: «Mahaia hor dago eta hor segituko du aurrerantzean».Zehaztu du, bitariko mahaia berriz bilduko denean Jaurlaritzaren aldetik nortzuk osatuko duten ordezkaritza jakiterik ez dagoela oraindik. Bitarte horretan Eusko Legebiltzarrak lehendakari berria aukeratu beharko du eta honek, jakina, gobernu berria osatu.

Kulturan harrituta daude

Kulturan harrituta daude, dena den, euskaltegiek egin dituzten adierazpenekin. Ordozgoitik dio mahaian helduen euskalduntze-alfabetatzearen egoerari buruz hitz egin dutela, eta hainbat akordio eta adostasun hartu dituztela bertan. «Akordioak eta adostasunak izan dira, esate baterako, aurtengo ikasturteari begirakoak».

Sailean ere kexu dira oihartzun handiagoa izan dutelako mahaian alde biek izan dituzten desadostasunek akordioek baino. «Desakordioek bere mementuan halako zarata eragin zuten, baina akordioak inongo oihartzunik ez dute izan».Ordozgoitik ere aipamena egin du maiatzeko bileran Azkaratek egindako proposamenaren inguruan: «Azkeneko bileran Jaurlaritzaren aldetik planteatu zena izan zen puntu bat, postura bat, aurrera segitzeko. Postura horiek guztiak mahaian hitz egin eta tratatzekoak dira. Horrek esan nahi du mahaian, hurrengoan biltzen denean, tratatuko direla eta aztertuko direla».Euskaltegiek bitariko batzordea uzteko erakutsi duten prestutasunaz hauxe esan du Kultura Saileko ordezkariak: «Baten bat mahaitik altxa eta batzordea uzten badu, berak uzten du. Ez dakigu altxatu diren edo ez, baina argi dago prozesuak eta aukerak bide horretatik doazela».Adierazpen horiek guztiak Ordozgoitik eginak badira ere, iritziak ez dira bere-bereak. Miren Azkarate jarduneko Kultura sailburu eta Jaurlaritzako bozeramaileak behin baino gehiagotan jakinarazitakoak direla argitu du: «Hark publikoki esan izan du horrelako eztabaidak eta horrelako puntuen lanketa mahaian egiten direla, ez dela ezer mahaitik aparte lantzen».

-

Bitariko batzordearen kronologia



2003



Azaroan: Akordioa sinatu zuten euskaltegi homologatuek Eusko Jaurlaritzarekin: Alde Bitariko Batzordea osatu, diru laguntzak igo (ikasleko eta orduko 1,50 eurotik 1,80 eurora), eta negoziazio luze baten ondoren eta trantsizio gisa, 03-04 eta 04-05 ikasturteetan diru laguntzen %90 euskaltegien jarduerarako izatea eta %10 ikasleen beketarako izatea adostu zuten.

2004



Urtarrila: Bitariko Batzordea osatu eta bertan gaitegia eta egutegia finkatu zituzten.

Iraila: Sareak euskaltegi baten funtzio-arloak eta eginkizunak aurkeztu eta HABEk egungo egoeraren kostuak kalkulatzeko konpromisoa hartu zuen.

Azaroa: Euskaltegien mapan zehaztutako irizpideak ipini ziren eta 2004-05 ikasturteko diru laguntzetarako eskaera egin zuten euskaltegiek.

Abenduan: Euskaltegi estandar baten kostu azterketa eta lanpostuen eginkizunak (irailean Sareak aurkeztutakoak) aurkeztu zituen HABEk.

2005



Urtarrila: HABEk kostu azterketa berrikusita aurkeztu zuen.

Otsaila: Euskaltegiek kostuaren proposamenak aurkeztu zituzten eta proposamen biak mahai gainean jarri ziren.

Martxoak 11: Miren Azkarate sailburuak esparrua lantzeko eta 2004-05 ikasturterako laguntzak zehazteko bere konpromisoa jakinarazi zien euskaltegiei.

Martxoak 22: Finantzaketa Esparru Orokorrerako prozedura zehazteko bilera egin zuten.

Apirilak 20: Azkaratek bere proposamena aurkeztu zien: Jaurlaritzaren proposamenaren eta euskaltegien proposamenaren arteko erdibidea.

Maiatzak 5: 'Euskaltegi pribatuen finantzaketarako irizpide nagusiak' aurkeztu zizkieten: euskaltegientzat diru kopuru finko bat ezartzen da; euskaltegi bakoitzak 2004-05 ikasturtean jasoko duen laguntza hartzen da oinarri; finantzaketa talde-orduka kalkulatzen du; talde-ratioa, gutxienez, 11 ikasle/talde izango direla zehazten du; ikasleak ordaindu beharreko matrikula urtez urte igotzen joango dela dio; eta hitzarmenaren iraupena 2005-06 ikasturtetik 2008-09 ikasturtea arte finkatzen du.

Maiatzak 26: Sareak bere aldarrikapenak lotu zizkion proposamenari, eta bileran horren berri eman zuen. Bileran, berriz, ordura arte adostutako bide metodologikoa baztertuz, Azkaratek bere asmoa jakinarazi zien: Datozen lau ikasturteetan 2004-05 ikasturtean erabilitako diru kopuruari urtero KPIa baino ez igotzea.

Negrita: Testua testua testua tes testua testua testua testua testua tes testua testua testua testua.

Negrita: Testua testua testua tes testua testua testua testua testua tes testua testua testua testua.Negrita: Testua testua testua tes testua testua testua testua testua tes testua testua testua testua.

Negrita: Testua testua testua tes testua testua testua testua.

Negrita: Testua testua testua tes testua testua testua testua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.