EUSKARA

Helduen euskalduntzerako laguntzak handitu ditu Nafarroako Gobernuak

«Euskara ahora» kanpaina aurkeztu du Euskarabideak, 33 toki entitaterekin eta euskaltegirekin batera.

Euskarabideko, toki entitateetako eta euskaltegietako ordezkariak, gaur, kanpainaren aurkezpenean. IDOIA ZABALETA / FOKU
2021eko abuztuaren 30a
13:30
Entzun

Urtero bezala, helduen euskalduntzea sustatzeko kanpaina antolatu dute Nafarroako Gobernuaren Euskarabidea institutuak, 33 toki entitatek eta euskalgintzako beste zenbait eragilek; hala nola Zubiarte euskaltegi publikoarekin, hizkuntza eskola ofizialarekin, gizarte ekimeneko AEK eta IKA euskaltegiekin eta Lan Ta Land euskaltegiekin.«Euskara ahora. Ikasi eta mugitu zure mundua» izeneko kanpaina, batik bat, «gazte jendeari» zuzendu zaio: «Gazteak euskara ikastera bultzatzearren, euskara ikastea hautu erakargarria baita, bizipen eta aukera anitz ematen dituena». Euskarabideko zuzendari Mikel Arregik, Erronkaribarko batzordeburu Eneko Egigurenek eta AEKko irakasle Beatriz Buldainek eman dituzte azalpenak. Kepa Yecorak, Zubiarte euskaltegi publikoko zuzendariak, eta Ascen Argandoña IKAko irakasleak ere parte hartu dute aurkezpenean.

Irail osoan garatuko dute sustapen kanpaina. Horretarako, sustatzaileek sare sozialak erabiliko dituzte, iragarkiak txertatuko dituzte Nafarroan argitaratzen diren egunkarietan, baita Nafarroarako argitaratzen direnetan eta tokiko aldizkarietan ere; eta iragarkiak sartuko dituzte Nafarroako irratietan. Kanpainak gazte jendearen artean oihartzun handiagoa izan dezan, «garapen berezia» egin nahi dute NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko Arrosadiko Campusean. Horretarako, kanpainaren antolatzaileek erakunde horren laguntza izan dute.

Informazioa eta laguntzak

Laugarren urtez jarraian, Euskarabideak ikasleei zuzenduriko laguntza deialdi bat jarriko du abian, 2021-2022 ikasturtean ikastaroak egiteko asmoz: ikastaro trinkoak, barnetegiak eta autoikaskuntzarako ikastaroak. Horretarako, erakunde autonomoak 223.295 euro jarri ditu, iaz baino 33.000 gehiago. Joan den ikasturtean ia 900 ikaslek jaso zituzten diru laguntzak. Era berean, deialdi honetan ikasle bakoitzak 300 euro bitarteko laguntza lor dezake, eta, gainera, laguntzak bateragarriak dira toki entitateek banatzen dituztenekin.

Ikasleek laguntza eskatzeko epea irailaren 27an zabalduko da, eta urriaren 24an amaituko.

Informazioa eskuratzea errazteko asmoz, www.euskaraikasi.nafarroa.euswebgunea martxan da dagoeneko. Webgunean euskaltegi publikoen eta gizarte ekimeneko euskaltegien gaineko informazioa, ikasleek eskura ditzaketen diru laguntzen gainekoa eta halako laguntzak ematen dituzten udalen gaineko informazioa dago. Halaber, irailean, 012 telefono arretarako zerbitzuak ere eskaintzari eta diru laguntzei buruzko informazioa emanen du, astelehenetik ostiralera 08:00etatik 19:00etara.

Neurri horien bidez, Nafarroako Gobernuak «euskara ikasteko doakotasunera iristeko urratsak» egin nahi dituela azaldu du Euskarabideko zuzendariak; izan ere, laguntza horietaz gain, herri ekimeneko euskaltegien beharretan laguntzeko 1.200.000 euroko deialdia ere onartu baita.

Euskaltegiek egindako lana azpimarratu nahi izan du Arregik; izan ere, «eskaintza mantentzeaz gain, telelanaren eta erreminta birtualen bitartez aberastu egin dute». «Euskaltegiek ekarpen garrantzitsua egin diote Nafarroako gizarteari eta egiten jarraituko dute, orain bizitzea egokitu zaigun krisi garai honetan ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.