Hirigune elkargo bakarra

HELEParen kontrako helegitea jarri dutenak gidaritza batzordetik atera nahi ditu Batera-k

HELEParen sorrera prestatzen ari den gidaritza batzordeko eta hamar herri elkargoetako presidenteei idatzi die Batera-k, “egoera konpondu” dezatela eskatzeko. Asteartean elkarretaratzea eginen dute Departamentu Kontseilu aitzinean, Baionan, 17:00etan.

Elkargo bakarraren aldeko bilkura bat Donibane Lohizunen, apirilean. P. TOHIER, PHOTOMOBILE
Ekhi Erremundegi Beloki.
2016ko irailaren 14a
08:47
Entzun

“Haserre eta aspertuak” dira Batera plataformako kideak hirigune elkargo bakarraren kontrakoak egiten ari diren kanpainarekin. Bernard Cazeneuve Frantziako Barne ministroak lehen helegitea baztertzea erabaki ondotik, administrazio epaitegira jo dute, eta Pirinio Atlantikoetako prefetaren erabakia auzitara eraman. Helegitearekin batera, administrazio auzitegiak erabaki bat hartu arte hirigune elkargoaren sortze prozesua gelditzeko eskaera ere egin dute HELEParen kontrako hautetsiek.

Arazoa da helegitea jarri duten hautetsietako batzuek hirigune elkargoa 2017ko urtarrilaren 1ean martxan jartzeko sortu den gidaritza batzordean parte hartzen dutela. Batera plataformaren iritziz, egoera “onartezina” da. “Hautetsi batek ados ez izateko eskubidea du, baina demokraziaren printzipioak onartu behar ditu; gehiengo batek hirigune elkargo bakarra sortzearen alde egin du, baina hauek ez dute amore eman nahi”, salatu du Mixel Berhokoirigoin Batera-ko kideak.

Gidaritza batzordeko kideei sortu den egoerari “konponbide bat” eman diezaiotela eskatu die Batera-k. Hala, gutun bana idatzi die Jean Rene Etxegarai gidaritza batzordeko presidenteari eta gaur egun diren hamar herri elkargoetako presidenteei. Halaber, heldu den asteartean Departamentu Kontseiluaren Baionako ordezkaritza aitzinean elkarretaratzera deitu dute, 17:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.