Yolanda Gonzalezen ahizpa Amaia, anaia Asier, mutil laguna Alejandro Arizkun eta pisukide eta lagun Mari Mar Noguerol Barne Ministerioan hartu zituen Condek. Emilio Hellinek hil zuen Yolanda Gonzalez 1980an Madrilen, ETAkoa zelakoan. Eta, El País egunkariak otsailaren 24an jakinarazi zuen Hellinek Espainiako polizia ezberdinekin lan egin duela, eta Auzitegi Nazionalean ere egin izan duela lan, peritu gisa, espetxetik irten eta izena aldatu ostean.
Condek hitz eman zien Barne Ministerioak ikertuko duela Hellin, baina, familiak eskatutako ikerketa batzorde ofizialik ez duela sortuko jakinarazi zien. Ordubeteko bileran ikerketa hori egin eta emaitzak Espainiako Diputatuen Kongresuan azaltzeko eskatu dio familiak Barne Ministerioari, baina ez dute emaitza baikorrik jaso.
Asier Gonzalezek bileratik irten ostean honakoa esan du: "Minimoki kritikoa den edonork ulertuko du guzti honen atzean gutxienez esku beltz bat dagoela. Bai orduan eta bai orain".
Hellinek espetxetik irten zuenetik izan duen ibilbidea ikertzea nahi du Yolanda Gonzalezen familiak, zein auzi judizialetan hartu duen parte, poliziari ze ikastaro eman dizkion, eta guzti horrengatik zenbat diru publiko jaso duen. Ikerketa egingo dutela esan die Barne Ministerioan.
Kongresuko taldeekin harremanetan ere badaude Yolanda Gonzalezen familiakoak. Datorren ostiralean gaiari buruz galdetuko diote gobernuari, Kongresuko kontrol saioan.