POLITIKA

Hellini "aldeko tratua" eman izana egotzi dio Amaiurrek Espainiako Gobernuari

Koalizioak Espainiako Barne ministroari ohartarazi dio Yolanda Gonzalezen hilketa "estatu terrorismoa" izan zela. Auziaren "bandera" hartu izana leporatu dio Fernandez Diazek Amaiurri. Audioa: Onintza Enbeitaren adierazpenak.

2013ko martxoaren 13a
14:30
Entzun

Espainiako Kongresuan gobernuaren kontrol saioa dute gaur, eta Yolanda Gonzalez zenaren hiltzaileak Guardia Zibilari, Espainiako Poliziari eta Ertzaintzari emandako ikastaroen inguruan galdetu dio Amaiurrek Jorge Fernandez Diazi. Ministroak koalizioari aurpegiratu dio auziaren "bandera" hartu izana, eta erantsi du ez berak ezta Barne Ministerioak ere ez diotela mesedezko traturik eman Emilio Hellini.

1980. urtean hil zuen Emilio Hellinek Yolanda Gonzalez Deustuko gaztea, Madrilen, ETAko kidea zelakoan. El País kazetak argitaratu zuen Hellinek izena aldatu zuela eta ikastaroak eman zizkiela Ertzaintzari, Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari, eta Espainiako Barne Ministerioak ordaindu zituela ikastaro horiek.

"[Hellinek] Justiziarekin zuen zorra ordaindu ordez, justiziak berak ordaindu du bere zerbitzuengatik", aurpegiratu dio Onintza Enbeita Amaiurreko diputatuak Fernandez Diazi, eta gaineratu du Gonzalezen hilketa ez zela "zorakeria hutsa" izan, "estatu terrorismoa baizik".

"Ni ministro naizenetik, ez nik eta ez nire taldeko inork ez du inolako harremanik izan edo aldeko traturik izan pertsona horrekin", erantzun du Fernandez Diazek gaiaz galdetuta. Oroitarazi du 2006. eta 2011. urteen artean kontratatu zutela Hellinek lan egiten duen enpresa; PP Espainiako Gobernuan ez zen urteetan, alegia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.