ATENTATUA GETXON

«Hemen bizitzea oso latza da»

gotzon hermosilla
GETXO
2005eko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Euria bota ahala ari zuen atzo Getxon. Kalean, jende gutxi; eta are gutxiago Zugatzarte eta Negubide kaleen arteko tartean. Ertzainak, udaltzainak eta osasun zerbitzuetako langileak baino ez ziren ageri. Izan ere, leherketa gertatu bezain pronto Ertzaintzak alde osoa hesiz inguratu eta kaleak moztu zituen.

Euri azpian, kazetariak baino ez. Ertzainek bidea galarazten zieten hurbildu nahi zuten guztiei. Bertako bizilagun batzuek, nortasun agiria erakutsi eta, ertzainek autoa arakatu ostean, igarotzea lortu zuten, baina hara joandako beharginek ez zuten zorte bera izan: «Aizu, ni beiragilea naiz, eta bezero batek deitu dit, etxeko kristal guztiak apurtuta dauzkala. Igaro naiteke?». «Ez, debekatuta dago». «Bada, telefonoz hots egingo diot eta bihar etorriko naiz».Apurka, bizilagunak hurbildu ziren hesietara. Batzuek bertatik bertara nozitu zuten leherketa: «Ni alboko kalean nindoan autoan, senarrarekin eta bi seme-alabekin. Eztandak gure auto osoa mugiarazi du, eta bonba-autoaren zati bat gainera erori zaigu. Izugarria izan da, baina okerrena da ez dela lehen aldia izan. Auzune hau polita da, baina hemen bizitzea oso latza da».Inork ez zekien nor bizi zen eztanda gertatu zen lekuan: «Enpresaburuak, industria handikoak», bizilagun baten arabera. «Ez dakit nor bizi den, baina bizkartzainekin-eta ibiltzen dira», esan zuen beste batek.Inguruko eraikin bateko atezainak ere eztanda entzun zuen: «Kea ikusi nuen, eta hasieran pentsatu nuen garajetik zetorrela, eta han gas zerbitzua dagoenez, larritu nintzen. Ordu horretan, gure alaba hortik igarotzekoa zen, lagun baten etxetik zetorrelako, baina, zorionez, berandutu egin zaio».Ordezkari politikoak ere heldu ziren eztandaren tokira. EAJko Iñigo Urkullu eta Iñaki Zarraoa alkatea iristean, auzo batzuk oldartu zitzaizkien, horien artean Gotzone Mora EHUko irakaslea. «Lotsabakoak» eta «noiz arte?» oihuak entzun behar izan zituzten. «Ea, nahikoa da, dagoeneko telebistan atera zaituzte-eta», esan zion Morari Urkullu eta Zarraoaren laguntzaile batek. Antonio Basagoiti ere agertu zen, Europako Alderdi Popularraren euritako ikusgarria eskuan.17:45ean, garabi batek autoaren hondakinak eraman zituen. Autoa estalita zegoen arren, guztiz txikituta zegoela igarri zitekeen. Ostean, suhiltzaileek luze jardun zuten, autoaren hondarrak eta burdinak etxeetako teilatuetatik kentzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.