«Hemen jakin nahi ez dena Europan badakite»

Aiert Larrarte abokatuak dioenez, nahi baino salaketa gutxiago aurkezten dituzte Estrasburgon

Samara Velte.
Donostia
2011ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Luzea eta malkartsua izan da Aritz Beristainen tortura salaketak Estrasburgoraino egindako bidea. Aiert Larrarteren arabera, zeina Beristainen abokatu lanetan aritu den, hori da oraingoz hain tortura kasu gutxi zigortu izanaren arrazoia. Giza Eskubideen Europako Auzitegira heldu aurretik hainbat epaitegik aztertu behar izaten dute salaketa, eta hor asko gelditzen dira bidean: «Lehenengo, Espainiako bide judizial osoa egin behar da, eta Auzitegi Konstituzionalak ezezkoa ematen digunean joan gaitezke Europara».

Larrarteren ustetan, askoz kasu gehiago ikertuko lituzkete, zuzenean Giza Eskubideen Europako Auzitegira jo ahal izango balute: «Zergatik ematen digute Estrasburgon arrazoia, eta Espainiako Konstituzionalean ez? Kasu hauek benetan larriak dira; hemen jakin nahi ez dutena Europan badakite».

Denboran ez ezik, dirutan ere asko kostatzen dira tramite horiek guztiak: «Berez, gure asmoa litzateke tortura salaketa guztiekin joatea hara, baina oso garestia zela ikusi genuen, eta gure salaketek ere sinesgarritasuna galduko luketela». Horregatik, epaiketa irabazteko aukera handiena zuten salaketak baino ez zituzten bidali. Tartean ziren Beristainen eta Mikel San Argimiroren kasuak, eta arrazoi berberengatik epai berdinak jaso dituzte.

Jarrera aldaketa

Torturaren Aurkako Taldeko Ane Ituiñorentzat, «deigarria» da epaia aste honetan eman izana, «beste lau tortura kasuren berri izan dugunean». Dena den, esan du ikusteko dagoela zigorrak hemendik aurrera torturak saihesten lagunduko duen edo ez: «Hori uste genuen aurrekoan ere, baina ez dugu aldaketa handirik nabaritu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.