Krisi garaietan ohikoak izaten dira erakunde egiturari buruzko eztabaidak. Orain, diputazioak dituzte jomugan, horien egokitasuna zalantzan jarrita. Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako presidentegaiak diputazioak kentzeaproposatu du, gastua murrizteko. Rubalcabak esan du diputazio probintzialak «soberan» daudela, orain arteko antolakuntza eta funtzioa kontuan hartuta. Hori dela eta,adierazi du Espainiako administrazio publikoak dituen «lau mailetatik» —estatua, autonomia erkidegoak, aldundiak eta udalak— batek «XIX. mendeko egitura» duela eta «berriz aztertu» behar dela.
Rubalcabakmahai gainean jarritako eztabaidaren atzean erakundeen arteko eskumen lehiaketa eta bikoiztutako eskumenen afera dago. Diputazio probintzial asko komunitate autonomo bilakatu izanak erakundeen arteko eskumen lehia sortu du, eta horrek eztabaidaren erdigunean jarri du zerbitzu publikoak kudeatzeko modua: kasu honetan, diputazioen kudeaketa jarrida ezbaian. Haatik, eztabaida horretatik kanpo utzi dituzte Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako foru aldundiak.
Espainiako estatuan 41 diputazio daude, baina Arabakoak, Bizkaikoak, Gipuzkoakoak eta Nafarroakoak soilik dute foru izaera, eta, horregatik, proposatutako erreformatik at geratu dira —Nafarroan foru aldundia gobernua da 1984tik, eta ordutik Nafarroako foru gobernua deitzen zaio—. Espainiako presidentegaiak proposatutako erreformak, beraz, ez die eragiten Hego Euskal Herriko lau diputazioei. Hala baieztatu du Jose Blanco Espainiko Gobernuko eledunak berak, eta gogorarazi du foru aldundiak lurraldeetako eskubide historikoek babestuta daudela.
Bestelako izaera
Nolanahi ere, Espainiako Gobernuak diputazioak kentzekoegindako proposamenak ez du inor epel utzi, eta euskal alderdiek foru aldundien defentsa sutsua egin dute. Alderdi gehienek, hala ere, ez dute aintzat hartu Rubalcanaren asmoa, Euskal Herrira begira ez dagoela jakitun. EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek, esaterako, «astakeritzat» jo du foru aldundiak kentzea,«herri honen historian erabat sustraituak» daudelako eta herritarrei «zerbitzu on asko» ematen dizkietelako.
Izan ere, diputazio probintzialen eta foru diputazioen arteko desberdintasunak sakonak dira. Foru diputazioak dira Hego Euskal Herrikoak, eta diputazio probintzialak, berriz, Espainiakoak. «Izen bertsua dute, baina bestelako izaera», Joseba Agirreazkuenaga EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Gaur Egungo Historiako katedradunak BERRIAri azaldu dioenez. «Hemen foru diputazioa deitzen duguna ez da diputazio probintziala», zehaztu du, eta, horregatik, Espainiako presidentegaiak proposatutako erreformak ez die eragiten, inondik inora.
Bi dira, nagusiki, foru diputazioen eta diputazio probintzialen arteko desberdintasunak. Batetik, kudeatzen dituzten eskumen kopurua: diputazio probintzialek ez bezala, zergak biltzeko eta horren gaineko legedia egiteko gaitasuna dute Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako foru aldundiek. Bestetik, foru diputazioak eta diputazio probintzialak aukeratzeko erabiltzen diren prozeduretan alde handiak daude. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kasuan, hauteskundeenbidez aukeratzen dira botere legegilea duten Batzar Nagusietako ordezkariak, eta Nafarroaren kasuan, parlamentukoak. Diputazio probintzialak eratzeko, ordea, ez dira espresuki bozak antolatzen, udal hauteskundeetatik aukeratutako zinegotziek osatzen dituztelako instituzio horiek.
Eskubide historikoen oinordeko dira foru aldundiak, etahoriek1978ko Epainiako Konstituzioak babestuta daude, lehen xedapen gehigarrian jasotzen denez. Honela dio, hitzez hitz, artikulu horrek: «Konstituzioak babestu eta onartzen dituforudun lurraldetako eskubide historikoak. Forudun erregimenaren gaurkotze orokorra, dagokionean, Konstituzio eta Autonomia Estatutuenbarnean egingo da».
XIX. mendetik
XIX. mendera joan beharra dago diputazioen sorreraz hitz egiteko. Orduko iraultza liberalarenildoan antolatu ziren diputazio probintzialak, eta haiek eskumenak hartu zituzten administrazio publikoaren eragina indartzeko, hau da, hezkuntza, azpiegitura, gizarte zerbitzuak eta bestelako alorrak antolatzeko.
Foru lurraldeetan, aldiz, indarrean zeuden Diputazioak eta Batzar Nagusiak, eta Nafarroan, berriz, Gorteak. 1839ko urriaren 25eko legearen ondorioz, eta gobernu agindu baten bidez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bi diputazio onartu ziren: foru diputazioa eta diputazio probintziala. Baina eskumenak, batez ere, foru diputazioenak izan ziren, 1877 arte. Nafarroan, berriz, Diputazio probintziala soilik ezarri zen indarrean 1839an, eta hark foru moldaketa bideratu zuen.
Gerraren amaierak mendeetan indarrean egondako foru sistema bertan behera geratzea ekarri zuen, Canovasekforuak deuseztatu baitzituen 1877an. Batzar Nagusiak desegin eta haien ordez probintzia diputazioak eratu zituzten, eta handik aurrera, haien aginte nagusia zergen esparrura lerrotu zen.
Horretarako, gobernuak eta diputazioek KontzertuEkonomikoaren sistema sortu zuten. Kontzertua ekonomia autonomiaren oinarri juridiko eta administratiboa bilakatu zen, eta indarrean egon zen 1937a arte. Haren bidez, kupoa ezarri zen; hau da, Estatuari urtero eman beharreko diru kopuru jakin bat. Diputazioek biltzen zuten kupoa, zergen bidez, eta, horrez gain, autonomia administratiboa eta fiskala zuten: azken finean, soberan gertatzen zen dirua erabiltzen zuten inbertsioak egiteko. Horrela eman zitzaion bidea Hego Euskal Herriko lurraldeen ohiko autonomia fiskalari.
Gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen Kontzertu Ekonomikoan jasota dago foru aldundien esku dagoela zergak biltzea, baita haren gaineko legedia egitea ere. Kontzertu Ekonomikoaren bigarren artikuluak honela dio: «Lurralde historikoen konpetentzia duten erakundeek zerga erregimena mantendu, ezarri eta arautu ahalko dute bere lurralde barruan, salbuespen hauekin: gaur egun zerga monopolioen bidez biltzen diren zergak, zerga bereziak, balio erantsiaren gaineko zerga, inportazio eskubideak eta inportaziokargak».
Hemengoak izan ezik
Diputazioen etorkizunari buruz sortutako eztabaidak ez die eragiten Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako foru aldundiei. Eskubide historikoak daude oinarrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu