Hemeretzi barruti judizialak zortzitan batzea proposatu dute

Erredakzioa
2012ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak egin du proposamena: gaur egun Euskal Herrian dauden hemeretzi barruti judizialak gutxitzea, eta zortzitan batzea. Epaileen kontseiluak atzo onartu zuen proposamena, eta barruti judizialetara bidali zuen, haiek ere beren ekarpenak egin ditzaten. Justizia sistema «efikazago eta efizienteago» bat lortzea da proposamenaren xedea, CGPJk berak azaldu duenez. Bestalde, krisi ekonomikoak halako neurriak beharrezkoago egiten dituela adierazi du epaileen kontseiluak.

Barruti judizialak batzeko irizpide politikoak, geografikoak eta ekonomikoak hartu ditu aintzat CGPJk. Horretaz gain, zehaztu du barrutietako bakoitzak gutxienez 100.000 biztanle ingururi eman behar liokeela zerbitzua —gaur egun, 50.000 biztanleko kopuruan dago jarria gutxieneko muga—. Asmoa da gertueneko auzitegia, gehienez, ordubetera edukitzea herritar guztiek, eta barruti bakoitzak zortzi auzitegi behintzat edukitzea. CGPJk ez du argitu barrutiak batzeak zer ondorio izango duen auzitegi sala bakoitzarentzat; alegia, ez du zehaztu leku bakar batean bilduko diren, edo auzitegi salak beren herrietan mantenduko diren, barruti bakarrean batu arren.

Gaur egunean seina barruti judizial dituzte Bizkaiak eta Gipuzkoak, bost Nafarroak eta bi Arabak. CGPJren proposamenak aurrera eginez gero, hiru barruti geldituko dira Bizkaian—Bilbo eta Getxo batean; Barakaldo eta Balmaseda beste batean; Durango eta Gernika-Lumo hirugarrengoan—; bi Gipuzkoan —Donostia eta Irun batean; Azpeitia, Bergara, Eibar eta Tolosa bestean—; beste bi Nafarroan —Iruñea, Agoitz, Lizarra eta Tafalla batean; Tutera bestean—; eta bakarra Araban —Gasteiz eta Amurrio bat eginda—.

Nolanahi ere, barruti judizialen berrantolaketa Espainiako Parlamentuari eta Gobernuari dagokiela gogorarazi du Gabriela Bravo CGPJko eledunak. Epaileek Espainiako Justizia Ministerioari ere bidaliko diote proposamena,azter dezan. Epaileek gaiari buruz iritzia emateko eta proposamenak egiteko zilegitasuna dutela defendatu du Bravok, hala ere.

Juan Manuel Fernandez Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak gaur egungo antolaketa mantentzearen alde egin du, baina hori ere hobetu daitekeela zehaztu du. Iazko jarduera judizialaren berri emateko agerraldia egin zuen atzo Fernandezek; 2010ean baino %5,4 kausa gutxiago jaso zituzten Nafarroako auzitegiek iaz (106.965). Epaileek %5,6 sententzia gehiago eman zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.