Genero indarkeria

Hemeretzi urteko kartzela zigorra ezarri diote Enduranceren senar ohiari

Emakumea 2004an hil zen Bilbon, senarrarengandik ihesi zihoala laugarren solairutik jauzi eginda

2006ko urriaren 17a
12:18
Entzun

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak hemeretzi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri dio E.O. gizonari, haurdun zegoen Endurance emaztearen hilketagatik, legez kontrako atxilotzeagatik, abortua eragiteagatik eta indarkeria erabiltzeagatik. Sententziaren esanetan, Endurancek senarraren tratu txarrak saihesteko jauzi egin zuen laugarren solairutik, 2004ko otsailaren 2an, Bilbon. Zortzi hilabeteko haurra zuen sabelean.

Bikoteak eztabaidatu egin zuen Endurancek sabelean zuen haurraren aitaren nortasunari buruz. Ondoren, senarrak Endurance etxean giltzatu zuen eta Endurancek senarrarengandik ihesi zihoala jauzi egin zuen kalera.

«Ez dago frogatuta senarrak emaztea balkoitik behera bota zuenik», dio sententziak, «baina hilketa emazteak senarrari zion beldur izugarriaren eta senarrak sortutako egoeraren ondorioa da». «Ez zen bere buruaren jabe zela hartutako erabakia izan», jarraitzen du, «E.O.-k eragindako egoeraren ondorio baizik».

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak uste du emakumeak laugarren solairutik jauzi egitea ezin dela bereiztu senarrak emazteari eragindako egoeratik: «Etengabeko eraso egoeran bizi zen».

Endurancek hainbat aldiz salatu zituen senarrak ematen zizkion tratu txarrak: 2002ko maiatza eta 2003ko iraila bitartean lau aldiz. Hala ere, epaitegietan senarrari barkatu egiten zion egindakoa, gertatutakoa egiazkoa zela berretsi arren. Horrez gain, beste salaketa bat ere jarri zuen senarraren kontra, agiriak kendu zizkiolako, ihes ez egiteko.

Endurancek hil baino bi egun lehenago Basurtuko ospitalera joan behar izan zuen senarrak laban batekin eskuan egin zizkion zauriak sendatzera. Sententziaren arabera, hil zen egunean bertan ere senarrak erasotu egin zuen eta odol ugari isuri zuen.

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak bikoteak lehendik zuen alabaren guraso agintea kendu dio O.E.-ri, «ez baita haurrak hezteko gai, are gehiago ama hiltzen ikusi duen alaba bada». Horrez gain, alaba horri 39.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio. Baina Auzitegiak berak onartu du kopurua «sinbolikoa» dela, bai zigortuak ez duelako diru kopuru hori ordaintzeko ondasunik, «bai kopurua hutsala delako».

HAMABI URTEKO ZIGORRA DONOSTIAN. Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak hamabi urteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati, 2002ko azaroan emazte ohia labanaz hiltzen saiatzeagatik, ohiko bortizkeria psikologikoagatik eta xantaia egiteagatik. Sententziaren arabera, 2001ean emazteak senarrari jakinarazi zion banatu egin nahi zuela, eta senarrak zera erantzun zion: «Pinuz egindako kaxa batean aterako zara, hankak aurretik dituzula». Etxetik atera zen egun batean gizonak labanarekin erasotu zuen eta emakumeak babesa eskatu zion gizon batek saihestu zituen labankadak. Emakumeak bizkartzainak ditu 2003tik.

Bestalde, gaur hasiko da Arabako Lurralde Auzitegian iazko uztailaren 21ean Maeztun ustez aita hil zuen semearen kontrako epaiketa. Aitak ama jotzen zuela salatu zuen semeak. Fiskaltzak 15 urteko kartzela zigorra eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.