Joan den martxoan Hendaiako (Lapurdi) Merkatu Zaharrean Herri bat, Gaztetxe bat! lemapean Hendaiako Gaztetxearen aldeko eguna kari antolatu bestan, bertako gazte mugimendua bizirik dela argi geratu zen. Hala ere, gazteek beren jarduerak antolatzeko eta proiektuak garatzeko gaztetxe fisikorik gabe segitu dute hilabeteotan. Bazen Garaia gazte asanbladako ordezkari Txomin Urrizak gogoratzen duenez, "udal hauteskundeetan auzapezgai guztiek gaztetxearena aipatu zuten" eta Salaberri auzapezak bere herri programan aurreikusi zuen arren, "oraindik ez dute fitsik egin".
Hori horrela, eta alternatibak proposatzeko bilera baten egiteko aukerarik ukan ez dutenez, "itxaroteaz nekaturik", joan den larunbatean Hendaiako Hondartza auzoko etxe bat okupatzeko erabakia hartu zuten. Eguerdian aperitifa antolatu zuten eta, hamarnaka gazterekin batera, inguruko hainbat bizilagun hurbildu ziren "omeletak eta guzi, uste, auzokide berriei ongietorria egiteko".
Asteburuan zehar Poliziaren bisita jaso zuten baina, momentuz, gazteek bere horretan segitzen dute. "Herriko Etxeak kasu egin dezala" eskatzeko aldarrikapenei bultzada eman nahian burutu dute okupazioa. Haatik, Bazen Garaia gazte asanbladak etorkizuneko nahikerien eta proiektuaren ildo nagusien berri emateko agerraldia emanen dute.
Gizartea
Hendaiako Gazte Asanbladak Hondartza auzoko etxe bat okupatu du
Gazte mugimenduko kideek "gaztetxearen proiektua garatzeko asmoz" egin dute okupazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu