HERIOTZA ESPETXEAN. Ertzaintza oldartuta ere milaka lagunek omendu dituzte Angulo eta Sainz

Espetxean hildako presoen aldeko ekitaldia galarazteko Ertzaintzak Santurtzirako sarrerak itxi ere egin zituen arren, ez zuen lortu jendetzak manifestazioa ez egitea

AITZIBER LASKIBAR - ONINTZA ENBEITA
2006ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak agindu bezala, astelehenean Cuencako espetxean hilda aurkitu zuten Igor Angulo presoari egin behar zitzaion omenaldia indarrez galarazi zuen Ertzaintzak. Santurtzirako sarrerak itxi, plaza hesitu eta kaleak ertzainez josi zituen hartarako. Baina jendea iritsi zen Santurtzira. Eta protesta egin zuten. Igor Angulo eta Roberto Sainz Olmos presoen heriotzak salatzeko manifestazio jendetsua. Milaka eta milaka lagunek lortu zuten Santurtziko plaza ondotik Portugaleterainoko ibilbidea egitea, ertzainek bidea moztu arren, pilotak, borrak eta ezkutuak erabiliz gazte eta zahar lurrera bota, jo eta zauritu arren.

Ezohiko neurriak hartu zituen Ertzaintzak Herrizaingo Sailaren agindua betetzeko. Hitzordua baino ordubete lehenagorako, herrira sartzeko errepidea moztua zuen. «Ezin da pasatu, segi ezkerretara», esaten zieten herrira sartu nahi zutenei. Karneta erakutsi eta santurtziar izaera frogatzekotan soilik sar zitekeen bertara.Udaletxe aurreko parke osoa zintaz hesitua eta ertzainez inguratua zegoen. Inork ezin zuen zinta pasa; ez paseatzera zihoazen adinekoek, ez mezetara zihoazenek, ez kazetariek. Baina inguruetako kaleak jendez lepo ziren. Geroz eta multzo handiagoz beteta.Giroa pil-pilean zegoen; tentsioa handia zen. 17:15ak inguruan, Arnaldo Otegi, Joseba Permach eta Pernando Barrena Batasuneko kideak zein AAMko Jon Enparantza eta Juan Mari Olano ertzainek osatutako hesi batetara joan, eta arduradunarekin hitz egitea eskatu zuten. «Ekitaldia debekatuta dago», esan zion ertzainburuak Otegiri, euskaraz. «Irtenbide bat nahi dugu», Otegik. «Ezinezkoa da». «Zergatik?». «Debekatuta dagoelako». «Hemen milaka pertsona daude, bi hildako daude eta jendea haserre dago. Alternatibaren bat behar da. Zein da zuen alternatiba?», Otegik. «Alternatiba ez dago nire esku, hori zuen kontua da. Ni hemen nago legea betetzeko». Otegik haserre: «Jendea jotzea, atxilotzea eta istiluak egotea da zuen alternatiba?». «Nik esan dut esan behar nuena», ertzainburuaren azken erantzuna.«Ez dugu inolaz ere ulertzen zer gertatzen ari den», azaldu zien Olanok hedabideei; «espetxe politikak bi herritar hil ditu eta herritarrek eskubide osoa dute heriotzaren aurrean dolua eta azken agurra egiteko. Eta paradoxikoa da Eusko Jaurlaritzaren eskutik etortzea debekua».Olano adierazpen horiek egiten ari zela, herritar batek megafonia hartu, eta debekuaz gain Portugaleterainoko bidea manifestazioan egiteko deia egin zuen; milaka lagun, txaloka, ibiltzen hasi ziren. Batasuneko, LABeko zein AAMko kideek Euskal presoak Euskal Herrira zioen pankarta hartu, eta aurrera egin zuten, manifestariek «herriak ez du barkatuko» edo «egindakoa ordainduko duzue» gisako oihuak egiten zituztela.Baina bide erdian ertzainak agertu, eta gogor oldartu ziren manifestarien aurka borrak eta pilotak erabiliz. Hainbat zauritu eragin zituzten eta horietako batzuk ospitalera eraman behar izan zituzten. Metro batzutan sakabanatu ziren manifestariak, baina berehala elkartu ziren berriz ere, eskuak altxa eta aurrera jarraitzeko prest. Permachek berriz ere ertzainekin hitz egin, eta azkenik, poliziak sei furgonetetan sartu, eta joan egin ziren. Txaloak eginaz eta «Euskal Herria aurrera!» oihukatuz hartu zuten berria protestariek. Pankarta galduta, dolu xingoladun ikurriña burutzat hartu, eta aurrera egin zuen manifestazioak kale tarteetatik, Portugaleteko hilerri aurrera iritsi arte.Ertzainen 14 furgoneta eta dozenaka ertzain aurrean zituztela geratu ziren berriz manifestariak eta bertan egon ziren ordu eta erdi inguruz, Ertzaintzaren zein EAJren aurkako eta Angulo eta Sainzen aldeko oihuak eginaz. Zutik egin zituzten lehen minutuak eta jesarrita ondoren.Duela bi urte, irailaren 14an Bilbon egin eta ertzainek gogor sakabanatu zuten manifestazioa ekarri zien gogora atzo bizitakoak askori. Permachek berak egun harekin alderatu zuen atzokoa. Ardura EAJri eta Jaurlaritzari egotzi, eta Javier Balza kargutik kentzeko eskatu zion Juan Jose Ibarretxeri, «ez dagoelako osasun mental egokian bere lana aurrera eramateko».

Azken agurra hilerrian



ROBERTO SAINZEN HERRIRATZEA. Aranjuezen hildako euskal preso politikoaren gorpua atzo iritsi zen Portugaletera. Ertzaintzak ez zien utzi han bildutako milaka lagunei hilerrira sartzen

ONINTZA ENBEITA - PORTUGALETE

Atzo arratsaldeko 18:00etarako Portugaleteko (Bizkaia) hilerriko ate nagusia serrailaz itxita zegoen. 19:30ean heltzekoa zen Roberto Sainz Olmos Aranjuezeko kartzelan hildako euskal preso politikoaren gorpua. 17:30ean Santurtzin, Portugaleteren ondo-ondoan, Igor Angulo astelehenean hildako euskal preso politikoari omenaldia egitekoak ziren. Santurtziko plaza hartua zuen Ertzaintzak eta han ez zen omenaldirik egin. Hala ere, jende andana zegoen, eta manifestazioa egin zuten Portugaleteko hilerriraino.

Manifestazioa hurreratu ahala, gero eta ertzain gehiago heltzen ari ziren hilerri ingurura. 18:00etan furgoi bakarra zegoen, 18:30ean dozena erdi, 19:00etarako ia dozena bat eta 19:45ean 17 kontatu ahal ziren.

Hilerrirainoko bide guztiak itxi zituen Ertzaintzak. Kazetariak ere bidali egin zituen ingurutik. «Gure lana oztopatzen ari zarete», esan zien ertzain batek kazetariei. Ertzaintzak ez zeukan handik mugitzeko asmo handirik.

19:00 inguruan, manifestazio buruan heldutako jendea eseri egin zen lurrean. Eurak ere, ez zeukaten Sainz Olmosi agur egin arte alde egiteko asmorik. Hilerriko atea ertzainez lepo zegoen. Kalearen beste aldean milaka lagun. Emakume batek esan zuen ondotik, «logikoa polizia joatea izango litzateke ezta? Mutila hilda dago honezkero, agurtu baino ez dute egin nahi!». 18:30ean manifestazioa heldu zenetik 19:50ean gorpua heldu zen arte, tentsioa gehituz zihoan. Jendea hilerriko ate nagusira heltzen saiatu zen, baina eztabaidak eztabaida, ez zuten lortu. Ertzaintzaren kontrako oihuak asko baziren ere, tarteka, isiltasunak hartzen zuen ingurua. Jendea isilik. Gorpua noiz helduko begira. Halako batean, txistuka Lepoan hartu ta segi aurrera kantatzen hasi zen jendea. Azkenean, gorpua heldu zen. Ertzaintzaren furgoi bi gehiago zekartzan. Senide eta lagunek esan zutenez, Arrigorriagan gehitu zitzaizkien. Madrildik atera eta gero, Boceguillasen (Burgos), bisitak eginda bueltan zetozen euskal presoen senideak batu zitzaizkion Sainz Olmosi. Altuben (Araban) lehen harrera egin zioten, eta handik 30 bat kotxeko karabanak lagundu zioten jaioterriraino. Jendea konturatu zenean gorpua heldu zela, harenganaino heltzen ahalegindu zen. Hurreratzea lortu zuten, baina gorpuaren eta jendearen artean Ertzaintza egon zen momenturo. Gorpua zekarren autoa non geldiarazi zuten ikusita, bazirudien atzeko atetik sartuko zutela hilerrira. Ordurako ez zegoen ate hartara joateko modurik. Ertzaintzak hartuta zeukan dena. Gorpua, autotik atera gabe, ate nagusiraino hurreratu zuten. Han, kalearen beste aldetik milaka lagunek kantatutako Eusko Gudariak batek eta txalo zaparrada itzelak egin zioten agur. Autoa atzera martxan itzuli zen senide eta lagunengana, eta hilerrira abiatu ziren. Atzeko atetik.Jendeak txaloka agurtu zuen gorpua bistatik galduarte. Senideak eta lagunak apurtuta ikusten ziren. Portugaletera joandako milaka lagunek haiekin egon gura izan zuten Sainz Olmosen azken agurrean, baina Ertzaintzak ez zien elkarrengana hurreratzen utzi. Auto karabana hilerrira joan zen, eta astiro-astiro jendea handik aldendu zen.

SAINZ OLMOS



Akusazio gisa aurkeztu dira senideak, asistentzia ezagatik



Roberto Sainz Olmosen familia akusazio partikular gisa aurkeztu da, presoaren heriotzaren harira ardura penalak egon daitezkeelakoan. Izan ere, senideek dituzten datuen arabera, oso litekeena da Sainz Olmosen heriotza mediku asistentzia egokirik ezak eragin izana.

Ostiralean bertan egin zioten autopsia Portugaleteko presoari, familiaren konfiantzazko mediku bat ere bertan zela. «Bihotzekoak jota hil zen baina horrek ez du esan nahi ardura penalik ez dagoenik», azaldu du Arantza Zulueta abokatuak.

Ostiralean bertan Aranjuezeko espetxera joan ziren senideak, informazioa jaso asmoz. Baina ezin izan zuten ez zuzendariarekin ez medikuarekin hitz egin. Presoaren mediku txostena ere ezin izan zuten eskuratu, ez omen zegoelako bertan. «Mediku asistentzia egokirik ezak hil duela esateko datuak ditugu», dio Zuluetak.

Kale erasoak izan dira hainbat herritan



Errenterian, Zumarragan, Markinan, Barakaldon, Bilbon eta Tafallan kale erasoak izan dira. Errenterian Juan Carlos Merino alkatearen etxebizitzaren aurka pintura ori eta gorriz betetako botilak jaurti zituzten. Zumarragan harriak bota zituzten udaletxera. Markinan bake epaitegiaren aurka likido sukoia jaurti eta su eman zioten. Barakaldon seguru etxe baten aurka koktelak jaurti zituzten. Bilbon BBKren aurka erasoa egin zuten eta hainbat edukiontzi gurutzatu zituzten errepidetan. Eta Tafallan UGTren egoitzaren aurka egin zuten. Bestalde, mobilizazioek jarraipena izan zuten. Besteak beste, Beran, Altsasun eta Zarautzen egin zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.