Duela hamabi urte, 2004ko martxoaren 22an aireratu zen Rosetta espaziontzia, eta, geroztik, etengabe lanean aritu da, kometak ikertzen, zehazki 67P Churyomov-Gerasimeko kometa. Eta kometa hori bera bihurtuko da bere hobi gaurtik aurrera. Izan ere, Euskal Herrian 13:20 zirenean gertatu da zundaren eta astroaren arteko talka. Ez da espero gabeko zerbait izan, ESA Europako Espazio Agentziak prestatutako amaiera baizik. Misioak sortu duen ikusmina asetzeko asmoz, gainera, agentziak zuzenean eman ditu ontziaren azken minutuak.
Joan den uztailaren amaieran aitortu zuten misioko arduradunek Rosetta espaziontziaren eta kometari buruzko informazioa jasotzeaz arduratzen zen Philae moduluaren arteko harremanik ez zeukatela hilaren hasieratik, eta, beraz, konexioa etetea erabaki zutela. Urte hasieratik bazuten modulua etengabeko lo batean sartuta zegoen susmoa. Agentziaren misio ezagunenetariko baten amaieraren hasiera izan zen urrats hori.
6.400 milioi kilometro egin ostean, duela bi urteko abuztuan heldu zen Rosetta kometaren orbitara, eta lau hilabete geroago lortu zuen Philae modulua kometaratzea. Ez zen hori ere lan erraza izan. Zazpi orduko operazioa izan zen, baina arrakastatsua, inondik inora ere. Tarte horretan bai moduluaren eta bai ontziaren lana izan da kometei buruzko informazioa jasotzea. Izan ere, indarra hartuz doan teoria baten arabera, espaziotik heldu zen ura Lurrera, kometaren batek ekarrita, ziurrenik.
Ez dago lurreratzeko pentsatua
Ontziaren eta kometaren arteko talka oso abiadura geldoan gertatuko da. Hala azaldu dute misioko arduradunek. Arazoa da ontzia ez dagoela lurreratzeko diseinatuta, eta, beraz, kometara heltzen denean, hainbat pieza apurtu egingo dira. "Adibide bat ematearren, irismen handiko antena gradu erdi bat baino gehiago okertzen bada, komunikazio guztiak bertan behera geratzen dira", adierazi du Sylvain Lodiotek, misioaren ardudarunetako batek.
Misioa bera ez da, ordea, gaur amaituko. Kometara gerturatzen doan heinean, Rosetta ontziak astroaren argazkiak bidaltzen jarraitu du. Espaziontzi bat kometa batetik hain gertu dagoen aldi bakanetakoa izanik, zientzialariek haren lana azken unera arte baliatu nahi izan dute. Hark kometa jotakoan, baina, azken hilabeteetan bidalitako datu eta argazkiak ikertzea izango da lurrean daudenen ardura.