Heriotza zigorra

Heriotza zigorra berrezarriko dute Maldivetan, 60 urteren ostean

Berriro zigor hori ezarriz, delinkuentziaren ondorioz gertatutako heriotzak murriztu eta drogen salerosketa ezabatu nahi du Maldivetako Gobernuak.

Heriotza zigorraren aurkako protesta bat Filipinetan. MARK R. CRISTINO
2017ko abuztuaren 22a
07:22
Entzun

Hirurogei urteren ondoren, heriotza zigorra berrezarriko dute Maldivetan. Helburua, delinkuentziarekin lotutako heriotzak murriztu eta drogen salerosketa desagerraraztea, presidentearen kabineteko kide Hussain Shareef-ek adierazi duenez.

"Erabaki zaila da edozein gobernurentzat, baina lehentasuna da errugabeen bizitzak zaintzea", adierazi du Shareefek elkarrizketa batean. Azpimarratu du "disuasio neurri gisa" soilik erabiliko dutela. Shareefek baieztatu du gaur egun "Maldivetako herritar gehienak" daudela zigorra berrezartzearen alde, eta gogorarazi du azken hamarkadan 50 hildako izan direla ohiko delinkuentzia delituengatik.

Nazio Batuen Erakuntzeak eta Amnesty Internationalek Maldivetako Gobernuari eskatu diote heriotza zigorra ez berrezartzeko, eta kezkaturik daude dagoeneko epaituta dauden presoez, orain heriotza zigorra ezar diezaieketelako. Adierazi dute hogei pertsona (haien artean bost adingabe) hiltzera kondenatuak izan daitezkeela, eta badaudela hiru gizon exekutatuak izateko arrisku larrian. Sharfeekek argitu du exekuzioak ez direla publikoak izango, baizik eta Maafushi uhartean egingo dituztela, hantxe baitago Maldivetako espetxerik garrantzitsuena.

2016an, munduko 57 estatutan zen legezkoa heriotza zigorra. Jende gehien exekutatu zutenak Txina, Iran, Saudi Arabia, Irak eta Pakistan izan ziren. Lehen aldiz 2006. urtetik, Amerikako Estatu Batuak ez ziren egon jende gehien exekutatu zutenen artean. Amnesty Internationalen datuen arabera, joan den urtean 3.117 pertsona kondenatu zituzten hiltzera; horietatik, 1.032 exekutatu zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.